Presio handikoa barik, zaleen aurrean gozatzeko partidua izango du gaur Aitor Elordik, finalerako sailkatuta dagoelako

Joseba Derteano 2019ko mar. 15a, 13:30

Urte bi joan dira Aitor Elordik (Mallabia, 1996) profesionaletan debutatu zuenetik. Harrezkero, denetik bizi izan du: debut urtean promozio mailako lau t'erdiko finalerdira heltzea bezain une ederrak eta joko puntua hartu ezinda ibili den etapak. Orain, inoizko unerik gozoenean dago. Datorren astean 23 urte egingo dituen mallabitarra Promozio Mailako binakako txapelketako finalera sailkatu da, Oier Etxebarriagaz batera. Profesionaletako bere lehenengo txapela eskuratzen saiatuko da aste bi barru, Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean.

Finalerdietako ligaxkan maila bikaina eskaini dute Elordik eta Etxebarriak. Partidu bietan faborito ziren bikote biri irabazi diete: Agirre-Salaverri (22-18) eta Peio Etxeberria-Garmendia (22-21) bikoteei, hain zuzen. Azken partidu honetan azpimarratzekoa da 21nako berdinketan Elordiok sartu zuen gantxoa, pilotari ausarta dela erakutsiz.

Orain arte egindako bidea errepasatu du Elordik: "Txapelketara oso momentu onean heldu nintzen. Gero, beheralditxo bat izan nuen eta partidu batzuetan ez nintzen hain ondo ibili. Baina lanean topera jarraitu dut konfiantza puntu hori hartzeko, eta finalerdietara sasoi onean heldu naizela uste dut".

Gaur partidua Mallabian
Ligaxkako azken partidua Mallabian jokatuko du Elordik, etxekoen aurrean. Gaur iluntzean izango da, ETB 1eko kamerak bertan direla. "Ez dugu ezer jokoan eta gozatzera irtengo gara. Finalerdietako partidu bat etxean jokatzea berezia da beti", onartu du.

Bere bikotekidea Alvaro Untoria izango da. Oier Etxeberriak eskuetatik justu amaitu zuen azken partidua eta gurago izan dute ez arriskatu. Gaur beste partidu bt ere egongo da ikusgai Mallabian: Ezkurdiak eta Erostarbek Jakaren eta Galarzaren kontra jokatuko dute.

Lanaren ondorioa
Profesionaletan ez dago txantxarik. Onenen artean muturra erakustea edo tokia egitea gatxa da sarritan. Elordik ondo daki hori eta horrelaxe gogoratu du: "Debutatu ostean, dezente kostatu zitzaidan neure lekua hartzea. Pasatutako uneak pasatuta, orain lorpenak gehiago gozatzen ditut eta, egia esanda, finala heltzeko gogoz nago".

Iazko abenduan, kontratua berritu zion Aspe enpresak. Gutxienez, urtebete gehiago egongo da profesionaletan. Azkenaldian ondo zebilela ikusita, "beste urte bi" luzatuko zioten "esperantza" zuen mallabitarrak, baina, azkenean, ez zen horrela izan. Kontratu luzeekin pilotariak"erlaxatu" egiten direla esan zioten, eta gurago dutela apurka joatea. "Edozelan ere, bide onetik noala eta horrela jarraitzeko esan zidaten. Pozik nago urtebete gehiagoan nigaz jarraitu gura dutelako. Orain, urtean zehar, badaukat asti apur bat entrenamenduak eta abar ondo planteatzeko. Urtea ondo hasi dut eta ea amaiera oraindino hobea den", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!