Paleta goman, elite mailako finalerdiak eta finalak Mallabian jokatuko dituzte

Joseba Derteano 2019ko mar. 1a, 17:00

Paleta goman goi mailako kirolariak eman ditu Mallabiak. Beraz, ez da kasualitatea Euskal Herriko txapelketa nagusia bertan jokatzea. Aurten ez da mallabitarrik heldu azken txanpara, baina zaleek modalitateko pilotaririk onenak ikusteko aukera izango dute, finalerdiak eta finalak Mallabian jokatuko dira eta.

Finalerdi bat zapatu honetan jokatuko da, 19:30ean. Nagore Martin eta Laura Saez gasteiztarrek Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Ariane Arrieta hernaniarra izango dituzte aurrez aurre. Martin eta Saez izango dira  finalera sailkatzeko faborito. Martinek 24 urte ditu eta sasoi betean dago. Gaur egun bera da aurrelaririk onena. Saezek 39 urte ditu, baina, hala ere, maila handian dabil oraindik. Beharbada ez du izango gazteagotan zuen kolperik, baina oso pilotari segurua da, defentsa bikainekoa, eta oso zaila da berari tantoa egitea. Arrizabalagak eta Arrietak gaztetasuna izango dute alde. Arrieta kolpedun pilotaria da eta atzean agindu egin behar luke, baina partidua luzatzen bada, ikusi egin beharko da ekin eta ekin aritzeko pazientziarik baduen.

Bikote irabazleak Ane Isasmendi gasteiztarraren eta Maider Mendizabal anoetarraren kontra jokatuko du finala, martxoaren 9an. Hauek joan zen astean sailkatu ziren. Aipagarria da Mendizabal erakusten ari den maila. 41 urtegaz goi mailan jarraitzen du eta iaz zilarrezko domina irabazi zuen munduko txapelketan.

Mallabiko finalak paleta gomaren inguruko jaialdi handi bat izango dira. Izan ere, elite mailakoez gainera, open mailako hiru finalak ere Mallabiko pilotalekuan jokatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!