"Sasoi puntu onean heltzen naiz Biharko Izarrak txapelketara"

Joseba Derteano 2019ko ots. 19a, 16:44

Gorka Otaduy berriztarra izango da Durangaldeko ordezkari bakarra Mallabiko txapelketan.

Bihar hasiko da Biharko Izarrak binakako pilota txapelketaren 16. aldia. Bi multzotan banatuta, 24 pilotarik parte hartuko dute. Jardunaldiak eguen iluntzeetan —21:15ean— eta asteburu gutxi batzuetan jokatuko dituzte. Urteroko joko sistemari jarraituz, partidutik partidura bikoteak aldatu egingo dira.

Atzo aurkeztu zuten txapelketa Trabakua Behekoa jatetxean. Durangaldea Gorka Otaduy berriztarrak ordezkatuko du. Bere laugarren parte hartzean, lehenengoz finalerdietara sailkatzen saiatuko da. Martxoaren 7an jokatuko du lehenengo partidua. Otaduyk eta Egigurenek Zubizarreta eta Aizpurua izango dituzte kontrario.

"Sasoian" dagoela dio berriztarrak. Urte hasieran Tolosako Miguel Soroa txapelketa irabazi zuen eta bariku honetan Lezamako pilota txapelketako finala jokatuko du.

Bihar bi partidu ikusi ahalko dira Mallabiko pilotalekuan. Lehenengoan Elolak eta Alduntzinek Garciaren eta Aldaberen kontra jokatuko dute; bigarrenean Etxebarria eta Ibarloza Agirreamalloaren eta Aizpuruaren kontra ariko dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!