Julen Zabaleta marrazkilariak Gure Balioak saria jaso du Mallabian

Anboto 2018ko urr. 25a, 19:01
Julen Zabaleta -erdian- Gure Balioak saria eskuetan duela.

Eibarren bizi den elgoibartarraren legatu historiko eta artistiko garrantzitsua aintzatetsi gura izan dio Debabarrenako eskualdeak.

Debegesak, Debabarrenako garapen ekonomikorako elkarteak, 2010etik hona banatzen du Gure Balioak saria eta eskualdean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu. Urtero eskualdeko herri batean egiten dute ekitaldia eta aurten Mallabiari egokitu zaio. Gaur arratsaldean egin dute ekitaldia. “Osasuna lagun, marrazten ilusioz jarraitzeko” asmoa erakutsi du Zabaletak bere berbaldian.

Julen Zabaleta Barrenetxeak ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. 97 urterekin, marrazten jarraitzen du. Bere ibilbidean 7.000 marrazki inguru egin ditu. Gizarte, enpresa eta hezkuntza arloan diharduten Debabarreneko sei lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Julen Zabaletari ematea. “Bere zalantzarik gabeko talentu, ekimen eta izaera altruistarengatik; beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”, azaldu dute.

 

Bere ibilbide oparoan Mallabiari buruzko hainbat argazki egin ditu Zabaletak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!