Julen Zabaleta marrazkilariak Gure Balioak saria jasoko du gaur Mallabiko pilotalekuan

Anboto 2018ko urriaren 25a

Julen Zabaleta.

Eibarren bizi den elgoibartarraren legatu historiko eta artistiko garrantzitsua aintzatetsi gura dio Debabarrenako eskualdeak.

Debegesak, Debabarrenako garapen ekonomikorako elkarteak, 2010etik hona banatzen du Gure Balioak saria eta eskualdean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu. Urtero eskualdeko herri batean egiten dute ekitaldia eta aurten Mallabiari egokitu zaio. Gaur, 19:00etan, izango da, pilotalekuan.

Julen Zabaleta Barrenetxeak ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. 97 urterekin, marrazten jarraitzen du. Gizarte, enpresa eta hezkuntza arloan diharduten Debabarreneko sei lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Julen Zabaletari ematea. “Bere zalantzarik gabeko talentu, ekimen eta izaera altruistarengatik; beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”, azaldu dute ohar batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!