Akziodunen erabakiz, Areition egingo dute Eibar klubeko Kirol Hiria eta lau futbol zelai izango ditu

Joseba Derteano 2018ko urr. 25a, 10:49
Eibarko azpiegitura berriak Areition izango duten itxura. (Argazkia: @SDEibar)

Proiektuak 16 milioi euroko inbertsioa eskatuko dio Eibar klubari.

Eibar futbol taldeak akziodunen batzar orokorra egin zuen atzo. Etorkizuneko Kirol Hiria egiteko zeuden proposamen bien artean bat aukeratzea zen gai ordeneko puntu bat. Akziodunek Areitio gainaren aldeko apustua egin zuten. Mallabiko aukerak aldeko 11.692 akzio jaso zituen, Azitaingo beste aukerak baino 5.621 gehiago.

Etorkizuneko kirol azpiegiturek  lau futbol zelai izango dituzte: belar naturaleko bi eta belar artifizialeko beste bi. Bosgarren bat egiteko aukera ere izango du. Jatetxea zegoen eraikina berriztatu eta lehenengo taldearen beharrizanetarako egokituko dute. Ondoan, aparkaleku bat egingo dute. Proiektuak 16 milioi euroko inbertsioa eskatuko dio Eibar klubari, obra zibilaren eta lurzatien erosketaren artean.

Mallabiko udal arduradunek balorazio positiboa egin dute. "Guretzako proiektu garrantzitsua da eta aukera bat da Mallabiarentzako", adierazi du Igor Aguirre alkateak. EH Bilduko Aitor Loiolak ere ondo ikusten du azpiegituren etorrera: "Lur eremu bati probetxua aterako zaio eta horren bidez udalak jasotzen duen dirua herrian inbertituko da".

Eibarreko arduradunak ere pozik agertu ziren atzoko batzarrean. "Egun historikoa gure klubarentzat", adierazi zuen Amaia Gorostiza klubeko presidenteak. Bazkideen oniritzia jaso ostean, ez dute denborarik galduko. Lurren erosketako aurreakordioak betetzen —partzela pribatuak dira— eta hirigintza tramiteak egiten "berehala" hasiko dira, klubeko webgunean informatu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!