Askotariko ardoak dastatzeko eta tabernariek egindako pintxoak jateko aukera eskainiko du Ardo Azokak Mallabian

Joseba Derteano 2018ko urr. 24a, 11:30

Mallabiko Urriko Jaia ekitaldiz beteta dator. Aurten hirugarren aldia egingo duen Ardo Azoka izango da hitzordu nagusietako bat. Probalekuan izango da, zapatuan, 12:00etatik 17:00etara.

Udalak eta Ardosaltsanek antolatutako ekimenean askotariko ardoak dastatzeko aukera eskainiko dute eta, iaz hasitako bideari jarraituz, herriko tabernariek egindako pintxoak ere salgai egongo dira. Azokarako sarrera 7 euro izango da. 22:30an The Van, Please, Governors eta Ze Esatek! taldeen kontzertuak egongo dira.

Bezperan, urriaren 26an, txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik, 18:30ean. Ostean, Elizpeko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte, Dunbots txaranga herritik zehar giroa berotzen dabilen bitartean. Iluntzean, euskal labeldun oilasko pintxoak (1,5 euro) probatzeko aukera egongo da plazan. Toki berean, bertsio talde biren kontzertuekin errematatuko dute eguna: Basauriko eta Santurtziko kideek osatutako EZ3 taldea —20:30ean— eta Rock Brothers Duo bikotea —22:30ean— igoko dira plazako eszenatokira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!