Astelehenetik aurrera Eibarko ospitale berria erabili ahalko dute mallabiarrek

Joseba Derteano 2018ko urr. 23a, 10:49
Mallabiko alkate Igor Aguirrek (eskumati bigarrena) parte hartu zuen inaugurazio ekitaldian. (Argazkiak: irekia.eus)

Hainbat arlotako espezialitateko kontsultak egiteko aukera izango dute, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta hainbat erakundetako ordezkariekin —Igor Aguirre Mallabiko alkatea, tartean— atzo inauguratu zuten Eibarko ospitale berria. Zerbitzu gehienak astelehenetik aurrera egongo dira erabilgarri. Mallabiari hainbat onura ekarriko dizkio. Alde batetik, zortzi arlotako espezialitateak (kardiologia, arnasketa, barne medikuntza, neurologia,  erreumatologia, errehabilitazioa, traumatologia, endokrinologia) toki berean, Eibarren, kontzentratuko dira eta ez batzuk Eibarren eta besteak Mendaron. Bestetik, Eibarko larrialdi zerbitzua ere erabili ahal izango dute. Ermuan dagoenarekin alderatuta duen abantaila da erradiografiak egiteko aukera eskaintzen duela.

21.000 metro karratuko azpiegitura

21.000 metro karratu dituen ospitale berriak honako zerbitzu hauek eskainiko ditu: Lehen Mailako Arreta (familia-medikuntza eta pediatria), Osasun Mentala, erresonantzia magnetikoko talde bat izango duen erradiodiagnostikoko zerbitzua eta errehabilitazioko zerbitzua. Era berean, kanpo-kontsultetan 8 espezialitate eskainiko dira 14 kontsultetan. Azkenik, 20-24 oheko hiru ospitalizazio-unitate izango ditu bi solairutan banatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!