“Esperientzia ikaragarria izan da, eta berriro egiten bada, parte hartuko dut”

Joseba Derteano 2018ko urr. 7a, 10:30

Jon Gisasolak akituta amaitu zuen Azpeitian lehiatutako Euskal Pentatloi Saria, eta ez da gutxiagorako. Kirolaririk zailduenentzat ere erronka gogorra izan zen geratu ere egin barik harri jasotzen, gizon proban, aizkoran, txingak eramaten eta korrika aritzea. Baina, aldi berean, senitarteko eta lagunak animatzen zituela, plaza betean aritzea esperientzia berdinezina dela dio.

Espero zenuena bezain proba gogorra izan zen asteburukoa?
Banekien gogorra izango zela. Ondo prestatuta nindoan, baina, orduagatik edo ez dakit zergatik, ez nuen egunik onena izan. Harri jasotzen deseroso sentitu nintzen. Eta horrela hasten zarenean burua bueltaka hasten da. Aizkorakadak txarto eman nituen eta korrika indarrik barik sentitu nintzen. Baina, tira, nire adinagaz halako lana amaitzea ez da gutxi.  Azken geratzea ez zitzaidan gustatuko, eta hori ere lortu nuen. Alde horretatik, pozik nago.

19 urteko mutil bi zeundeten: Aritz Aspiazu eta zu. Bere aurretik amaitzea zen helburua?
Banekien Zaldua eta Txapartegi aurretik egongo zirela, eta Aritz neukan nire maila antzerako aurkaritzat. Azkenean, bere aurretik geratzea lortu nuen eta pozik nago horregatik.

Berriro antolatuko balitz, parte hartuko zenuke?
Bai. Datorren urtean edo hurrengo urteetan antolatzen bada, eta fisikoki ondo banago, parte hartuko dut. Esperientzia moduan itzela izan zen. Han izan genuen giroa sekula ere ez dut bizi izan. Beste kirolari askok gutxitan biziko zuten horrelako giroa. Ni animatzera joan ziren denei eskerrak eman gura dizkiet. Giroaz gainera, egindako marka hobetu gura nuke. Uste dut badaukadala horretarako modua. Denboragaz, aizkoran eta korrika dezente hobetu dezaket.

Hurrengo egunean pilota partidua jokatu ei zenuen. Gorputza eta besoak errekuperatuta zeuden?
Iurretako jaien barruan, binakako Bizkaiko pilota txapelketako lehenengo partidua jokatu nuen. Markinako taldeagaz jokatzen dut, Mallabian ez dabilelako pilotari askorik. Bikotekide berriatuar bategaz jokatu nuen eta irabazi egin genuen. Nekea igarri nuen, bai, baina eskuetan eta besoetan ez nuen inolako minik sentitu. Batez ere, bizkarrean eta hanketan sentitzen nuen neke apur bat. Hala ere, oro har, ondo nengoen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!