"Naroarentzat beste mundu bat hasiko da orain, askoz ere askatasun handiagoa izango du"

Joseba Derteano 2018ko abu. 31a, 14:00

"Naroa oso ondo eta oso animatuta dago", adierazi du Josefi Antxiak, Naroa Aranbururen amak. Uztailean gibela transplantatu zioten 13 urteko mallabitar gazteari. Bartzelonako Vall d'Hebron ospitalean egindako ebakuntza ondo irten zen eta errekuperatzen dabil. Oraindik Bartzelonan daude bera eta bere familia, eta hantxe egongo dira beste hilabetez gutxi gorabehera, errekuperazio prozesua amaitu arte.

Bizitza erabat aldatu zaio. Alde batetik, gibelean garatzen ari zitzaion minbizitik libratu da. Bestetik, jaio zenetik organo horretan duen gaixotasuna osatze bidean dago. Lehengo gibelak entzima bat falta zuen, baina oraingoak badauka, eta orain badu ahalmena bizimodua erosoago egingo dion proteina metabolizatzeko. "Naroarentzat beste mundu bat hasiko da orain. Askoz ere askatasun handigoa izango du", dio Antxiak. Elikaduran asko igarriko du. Bere dieta fruitu eta barazkietara mugatuta zegoen, funtsean. Orain, haragia eta bestelako proteinadun elikagaiak gehitzen ari da apurka bere dietara.  

Bizimodu berria
Transplante batek eskatzen duen medikazioa hartzen jarraitu beharko duen arren, tratamendu berria "askoz eramangarriagoa" izango dela azaldu du Antxiak. Izan ere, aurrerantzean izango duen normaltasuna ez du ezagutu orain arte. Haurra zela —11 hilabetegaz— gaixotasun bat detektatu zioten Gurutzetan. Bere gibelak ez zituen proteinak ondo metabolizatzen, eta horren ondorioz sortutako toxinak gibela kaltetu zezaketen. Tratamendura eta elikadura zurruneko bizimodu horretara egokituta zegoen, baina 2016ko erresonantzia batean nodulu bat aurkitu zioten gibelean.   Noduluaren bilakaera hurretik jarraitu eta iazko abenduko biopsia batek gaixotasunak okerrera egin zuela bistaratu zuen. Gurutzetatik Bartzelonako (Katalunia) Vall d´Hebron-era bideratu zuten bigarren iritzi bat jasotzeko, ere hauek diagnostikoa baieztatu zuten. "Nodulua itxura txarra hartzen zebilela esan ziguten", gogoratu du Antxiak. Bartzelonako ospitalekoek proba gehiago egin gura zizkioten. Maiatzean bertara joan ziren eta kasua zehatzago aztertu ostean, transplanteko prozeduran sartzeko gomendatu zieten, gaixotasunak okerrera joateko itxura guztia zuelako.

Egoera familian hausnartu eta bide hori hartzea erabaki zuten. Itxaron zerrendan sartu eta Bartzelonara tokialdatu ziren. Izan ere, ospitaleko deia jaso eta handik ordu bira bertaratu behar ziren gehienez. Minbizia duten umeen AFANOC elkarteko apartamentu batean hartu zuten ostatu, ospitaletik hamar minutura. Han euren antzerako egoeran zeuden familiak ezagutu zituzten eta hori "lagungarri" izan zitzaiela nabarmendu du Antxiak.

Itxaroten zeuden deia uztailaren 19 goizean jaso zuten, Naroa oraindino lo zegoela. Dena prestatu, eta ospitalera. Metodo baten bidez, emaile anonimo baten gibela bitan zatitu eta transplante bi egin zituzten: Naroarena eta zortzi hilabeteko haur batena. Ebakuntza aurreikusitako moduan irten zen.

Organo-emaileen garrantzia
Naroaren errekuperazioa ez zen posible izango organo-emailerik barik. "Prozesu guztiaren oinarrian dago" eta horregatik azpimarratu gura izan du horren garrantzia Antxiak. "Seme bat galdu zuten eta ez dakit munduan hori baino une gogorragorik egongo den. Egoera horretan, besteengan pentsatu eta organoak ematea erabaki zuten. Ez dago erabaki eta keinu hori ordaindu dezakeen dirurik. Barru-barrutik eskerrak eman gura dizkiegu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!