Trabakuan errepidea zeharkatzeko gaineko pasabidea egitea aukeratu dute auzotarrek

Joseba Derteano 2018ko uzt. 19a, 11:30

Trabakuan BI-633 errepidea zeharkatzeko bide gainetik pasabide bat egingo du udalak. Hori erabaki zuten atzoko batzar irekira batu ziren Goita, Gerea eta Longako 35 bat auzotarrek gehiengo zabal batekin.

Igor Agirre alkateak eta Sivestre Berasategui udaleko arkitektoak eman zituzten azalpenak. Berasateguik azaldu zuenez, udala denbora luzean ibili da Bizkaiko Foru Aldundia pasabide bat egiteko konbentzitu guran, "baina horretarako ez dutela aurrekonturik izan da erantzuna". Beraz, udalak hartu du lanak egiteko ardura. Izan ere, errepide horretan autoak abiadura handian ibiltzen dira eta arriskutsua da autobusa hartzeko bidea zeharkatu behar duten oinezkoentzat zein abereekin igaro behar duten artzainentzat.

Aukera bi proposatu zituzten batzarrean: gaineko pasabidea eta lur azpiko tunela. "Aukera bakoitzak bera abantailak eta bere desabantailak ditu", argitu zuen Berasateguik xehetasunetan sartu aurretik. Lur azpiko tunelaren abantaila nagusia abereentzako igarobide erosoa izango litzatekeela da. Gaineko pasabidearen abantaila nagusiak dira puntu beltz bat sortzea ekidingo litzatekeela, baimenak lortzea errazagoa izango zela eta merkeagoa dela: 467.600 euro balioko luke, tunelak baino 58.000 euro gutxiago, udaleko aurreproiektuaren arabera.

Azalpenak eman ostean auzotarren iritziak entzun eta zalantzak argitu zituzten: igarobideak egiteko materialen ingurukoak izan ziren duda batzuk. Abereak zituztenek, pasabidea egitekotan, abereentzat ahalik eta egokien jartzeko eskatu zuten. Batzuen eta besteen iritziak entzun ostean bozketa egin zuten.

Udalak 2018ko soberakina erabili gura du obra egiteko. Horregatik, aurten egin gura dute proiektua eta urtea amaitu aurretik esleitu gura dituzte lanak. Modu horretara, datorren urteko lehenengo hilabeteetan hasiko lirateke lanak. Bizkaiko Foru Aldundiari diruz laguntzeko eskatuko diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!