Jasokundeko kideek jaurtiko dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, abesbatzaren 25. urtemugan

Jone Guenetxea 2018ko abu. 13a, 12:00

Gazteen artean abestea sustatzeko asmoz, Mari Carmen Solozabalek eta Arrate Arrietak Jasokunde abesbatza sortu zuten. Egindako beharrari esker, hogeita hamar lagunek izena ematea lortu zuten. Harrezkero, 25 urte igaro dira.

Ibilbide honetan egindako lana aitortzeko asmoz, Jasokundek Mallabiko jaietako txupinazoa jaurtiko du. Iratxe Uribelarrea abesbatzako zuzendariak aitortu duenez, "pozik" hartu dute jaiei hasiera emateko ardura. Oraindik pregoia prestatu barik duten arren, musika presente izango da jaien hasieran.

Urteurren berezia
Maiatzean Jasokunde abesbatzak ekitaldi sorta prestatu zuen 25. urteurrena ospatzeko. Argazki erakusketa egin zuten Kontzejuzarrean, ibilbidearen nondik norakoak biltzen zituen 200 bat argazkigaz; besteak beste, ikus-entzunezkoak, hasierako jantziak eta kontzertuak iragartzeko kartelak izan ziren ikusgai. 25 urteotan abesbatzak bost zuzendari eduki ditu Jasokundek: Maritxu Roteta, Agurtzane Mentxaka, Uxue Alonso, Esther Hernandez eta Iratxe Uribelarrea. Momentu honetan, 11 abeslari dabiltzan arren, azken mende laurdenean 70 lagun inguru igaro dira abesbatzatik. Ospakizun jaia ere egin zuten maiatzean. Bertaratu zirenek Txoriak txori abestia kantatu zuten, besteak beste.

'Oh Happy Day'-n, finalista
Jasokundeko abesbatzako kideek ETB1eko Oh Happy Day programan parte hartu zuten. Iratxe Uribelarrea zuzendariak dioenez, "lau hilabetean lan handia egin behar izan genuen programan parte hartzeko, eta oso gogorra izan zen". Lan horrek bere fruituak eman zituen, talde mallabitarra finalera heldu zen eta.

Erlazionatuak

Mallabiko jai egitaraua

Anboto 2018 uzt 17 Mallabia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!