Urte batzuetan galduta egon den ohitura bat berreskuratuko dute aurtengo jaietan. Mallabiko jubilatu elkarteak antolatuta, 90 urtetik gorako nagusiei omenaldia egingo diete. Omenaldia abuztuaren 15ean izango da, Andra Mari egunean.
Bestalde, urtero lez, San Roke egunean herriko gazte eta nagusiak batzen dituzten paella eta marmitako txapelketak egingo dituzte. Horrez gain, iaz lehen aldiz egin zuten tortilla txapelketa ere egingo dute. Txapelketa hau 16 urtetik beherako gazteentzat izango da. Arratsaldean, kuadrillen arteko jolasak egongo dira eta, ostean, txerri errearen pintxoak banatuko dituzte. Luhartz taldearen erromeriagaz amaituko dute eguna.
Urrutikoetxea, jaietako pilota jaialdian
Abuztuaren 14an, jaiak hasten diren egunean hain zuzen, urteroko pilota partiduak jokatuko dituzte Mallabian. Partidu nagusian, Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak Elezkano II eta Larunbe izango dituzte aurkari. Partidu horren aurretik, Bakaikoak eta Erasunek Lasogaz eta Iturriagagaz neurtuko dituzte indarrak.
Idi probak, azaroan
Bestalde, orain arte jaietan egiten zituzten idi probak azarora atzeratuko dituzte. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten atzeratzea erabaki dute, eta idi probetan parte hartu gura dutenek azaroaren 4an eman beharko dute izena. Probak azaroaren 9an, 10ean, 11n eta 12an izango dira.