“Euskal Herriko txapelketan aritzea niretzat gauza handia da eta gogotsu nago”

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 9a, 12:00
Karmele Gisasola ezkerretik bigarrena

Karmele Gisasola mallabitarrak binakako harri-jasotze txapelketa irabazi zuen Idoia Etxebarriagaz batera joan zen asteburuan, Azpeitian. Lehenengoz jokatu zen emakumezkoen binakako harri-jasotze txapelketa eta mallabitarrak garaipena eskuratu zuen gipuzkoarragaz batera.

Zelan joan zen txapelketa?
Txapelketa ondo joan zen, egun polita izan zen. Idoia eta biok Segoviako Julia Martinez eta Madrilgo Raquel de la Calleren aurka lehiatu ginen. Kontua da Julia eta Raquel alterofilia eta crossfit mundutik datozela, eta bagenekien eurak baino indartsuagoak izango ginela.

Segoviar bat eta madrildar bat izan zenituzten aurkari?
Orain urte eta erdi inguru harri-jasotze munduagaz interesatzen hasi ziren. Eurekin crossfitean dabiltzan mutil batzuek harria jasotzen zuten eta eurek ere probatu gura zutela pentsatu zuten. Orduan, Euskal Herrira etorri ziren eta orduz geroztik harria jasotzen dabiltza. Izugarria da harria jasotzeko duten grina eta gogoa.

Hilabete barru Euskal Herriko harri-jasotze txapelketa jokatuko duzue.
2014tik jokatu gabe dagoen txapelketa da. Aurtengo edizioan Idoiak, Juliak eta hirurok parte hartuko dugu. Idoia da faborito nagusia eta denok dakigu berak jantziko duela txapela. Txapelketan hiru harrigaz arituko gara: 88 kiloko zilindroagaz, 75 kiloko kubikoagaz eta 63 kiloko bolagaz. Idoiarentzat harri horiek altxatzea piper potoa altxatzea bezalakoa da. Pisu gutxiko harriak dira berarentzat. Hala ere, guk geurea emango dugu.

Zuretzat zer suposatzen du Euskal Herriko txapelketan egoteak?
Euskal Herriko txapelketan aritzea niretzat gauza handia da eta gogotsu nago. Momentu honetan, entrenamendu guztiak horretara bideratuta ditugu eta ikusi egin beharko da zelan irteten zaigun.

Herri kirolen munduan nolakoa da emakumezkoen egoera?
Neska gutxi gabiltza eta gehiago behar ditugu. Gura duten guztiek zabalik dituzte ateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!