“Omenaldia benetan hunkigarria izan zen niretzat, eta oraindik ez dut erabat barneratu”

Joseba Derteano 2018ko eka. 9a, 10:30

Urte askoan gidatu duen Mallabia areto-futbol taldeko ardurak utzi ditu Juan Carlos Perezek (Eibar, 1961) eta joan zen domekan, Mallabiko Azokaren barruan, omenaldi hunkigarria egin zioten egindako lana eskertzeko. Ez da geldi egoteko gizona eta ardura bat utzi badu, beste batzuetan zentratzeko da.

Espero zenuen hain omenaldi bero eta jendetsua?
Omenaldia benetan hunkigarria izan zen niretzat, eta oraindik ez dut erabat barneratu. Lehen taldeko jokalariak, beste hamaika lagun eta ezagun… Zalduako arduradunak egoteak ere ilusioa egin zidan.

Areto-futbolari esandako agurra behin betikoa da?
Bai, futbol federatuari dagokion guztia utzi dut. 22 urte asteburu librerik barik asko dira. Kontuan hartu behar da hasieratik bertatik taldearen inguruan beste hamaika ekimen antolatu izan ditugula, tenis eta frontenis txapelketa, esaterako. Eta lanak bere fruituak eman ditu. Ibai Asenjo futbol jokalari mallabitarra Lezaman dabil gaur egun eta Iñigo Pradera, Gernikan, Bigarren B Mailan. Hori guztia pozgarria da, baina orain beste lehentasun batzuei ekitea erabaki dut.

Zertan ibiliko zara aurrentzean?
Gazte eta gaztetxoekin lan egin gura nuke. Betidanik gustatu izan zait hori. Lehen, pelikula bat jartzen nuen ia domekero, edo eskolan umeendako jokoak askotan antolatu izan ditut. Hori guztia utzita daukat, denbora faltagatik, eta berreskuratu egin gura dut. Bi domekarik behin izango da: goizetan jokoak eta arratsaldetan zinema. Astean zehar tenis, futbol eta saskibaloi eskolagaz ibiliko gara.

Beraz, aurrerantzean ere ez dituzu asteburu denak libratuko.
Bi asteburutik bat libratuko dut. Gutxiago ezagutu duenarentzat asko da. Nik eskertuko dut eta nire emazteak ere bai. Emaztea nire bizitzako erabakirik onena izan da. Torneo denetara etortzen da, posturik jarriz gero, bera egoten da… Nigaz alde batetik bestera ibili da, nigaz egon ahal izateko.

Areto-futbol taldeak aurrera jarraituko du?
Baliteke. Durangoko Sasikoak eta Ermuako Scorpiok gure taldeko plazak hartzeko interesa dute, baina ikusi egin beharko da kontua gauzatzen den ala ez.


Aurreskua eskaini zioten unea:

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!