Salaberria-Aranguren eta Zabala-Alduntzin bikoteek jokatuko dute Biharko Izarrak txapelketako finala

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 8a, 13:30

Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak gaur jokatuko dituzte, 19:30ean, Mallabiko pilotalekuan.

Binaka, Iker Salaberriak (Goizueta, 1999) eta Aitor Arangurenek  (Aginaga, 2000) Javier Zabalaren (Logroño, 1997) eta Aitor Alduntzinen (Iruñea, 1995) kontra jokatuko dute. Antolatzaileek biharkoa partidu borrokatua izango dela aurreikusten dute; hala ere, Salaberria eta Aranguren ikusten dituzte faborito txapela irabazteko. "Aranguren indartsu dago, eta horrek bikoteari plus bat ematen diola esango nuke", adierazi du Mikel Garciak.
Aurretik, berriz, lau t'erdiko txapelketa jokatuko dute. Finala jokatuko dutenak Julen Egiguren (Azpeitia, 2000) eta Ander Ruiz de Larramendi (Lazkao, 2000) gipuzkoarrak dira. Garciak azpeitiarra ikusten du faborito partidu honetarako.

Balorazio ezin hobea
Antolatzaileek hamabosgarren edizioaren balorazio ezin hobea egin dute. "Kirol arloan txapelketa oso borrokatua izan da. Azken partidu biak jokatu arte, ez genekien finala zein pilotarik jokatuko zuten", aitortu du Malle Euskal Pilota Elkarteko kideak. Bestalde, ikusleek oso ondo erantzun dute. Aurtengo edizioak inoizko ikuslerik gehien izan dituela jakinarazi dute antolatzaileek. "Egon dira 250 pertsona baino gehiago batu dituzten partiduak, eta herritarrei finalera joateko deia egiten diegu", bukatu du Garciak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!