Orain hogeita bost urte eman zituen abesbatzak lehenbiziko pauso horiek, eta orain, urtemuga ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Jasokundeko kideek. Astean zehar argazki erakusketa egon da Kontzejuzarrean, ibilbidearen nondik norakoak biltzen dituen 200 bat argazkigaz; besteak beste, ikus-entzunezkoak, hasierako jantziak eta kontzertuak iragartzeko kartelak ere egon dira ikusgai. Mende laurden honetan, bost zuzendari eduki ditu Jasokundek: Maritxu Roteta, Agurtzane Mentxaka, Uxue Alonso, Esther Hernandez eta Iratxe Uribelarrea. Azken hau 2004az geroztik da zuzendaria. Urteotan, 70 lagun inguru igaro dira abesbatzatik; ospakizun jaia parte-hartzaileagoa egiteko asmoz, Txoria Txori guztien artean abesteko asmoa agertu dute taldekideek, eta kide izandakoei animatzeko deia egin diete. Zapatuan, 18 abestiko emanaldi berezia eskainiko du Jasokundek. Trikitilariak, dantzariak eta pianista bat ere egongo dira. Herriko beste abesbatza biek ere parte hartuko dute.
'Oh Happy Day'ren ospea
Urte hauetan zehar, hamaika ekitalditan egon da Jasokunde, eta, besteak beste, Benito Lertxundi eta Pantxoa eta Peiogaz partekatu dute oholtza; Mikel Laboaren omenaldian ere parte hartu zuten. Bereziki, baina, telebistako 'Oh Happy Day' saio entzutetsuan parte hartu zuteneko garaia oroitzen dute. "Herria irauli egin zen gugaz, eta finala, adibidez, zuzenean ikusi ahal izan zen pantaila erraldoian; Mallabira itzuli ginenean, sekulako harrera egin ziguten", gogoratu dute kideek. Hamaika lagunek osatzen dute gaur egun abesbatza, eta taldea sasoiko dagoen arren, abesteko gogoa duena parte hartzera animatzen dute.