Mallabia da Eibar futbol klubeko kirol azpiegiturak hartzeko hautagaietako bat

Joseba Derteano 2018ko mai. 7a, 10:00

Hainbat kokapen aztertzen dabil Eibar eta horietako bat Areitio gainean dago.

Eibar futbol klubak kirol azpiegitura berriak egin gura ditu eta kokapenik aproposenaren bila dabil. Hainbat toki aztertzen ari da eta horietako bat Mallabian dago: Areitio gainean, Esparru tabernaren inguruko lur sail pribatu bat, hain zuzen. Sei hektarea ingururi eragingo lioke.

Landa-zoru moduan izendatuta dagoen lur zatia da eta mota horretako lurrek kirol ekipamenduak har ditzakete. Igor Agirre alkateak azpimarratu du gai honekin "zuhurtziaz" jokatu gura dutela, momentuz "beste hainbat artean dagoen aukera bat bakarrik" delako eta Eibarrek ematen dituen pausuen "zain" daudela. Gainera, lur pribatuak direla gogoratu du. Orain aukera bat dena azkenean errealitate bihurtzen bada, Mallabiarentzat "albiste itzela" izango litzatekeela azaldu du.

Orbea enpresa

Egoitza nagusia Mallabian duen Orbea bizikleta enpresa ere urte batzuen buruan bere azpiegiturak handitzea pentsatzen ari da. Kokapen posibleen artean, Areitio gaineko lur batzuk daude. Baina ez dute zerikusirik Eibar futbol klubeko lurrekin, biak Aretion dauden arren. "Zoru industrial moduan izendatuta dauden beste lur batzuk dira", Agirre alkateak argitu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!