Luzia Sagastasoloa, hil arte bere bokazioari eutsi gura izan zion errepublika garaiko andereñoa

Aitziber Basauri 2018ko api. 16a, 09:40

“Bizi bitartean, bokazio nagusi zuen irakaskuntzari jarraitu zion ekintzaile handia”. Hala deskribatu du Luzia Sagastasoloa (Mallabia, 1911) Mila Salterain idazleak. Abadiñarrak haren bizitza ikertu du, Agurtza Aldekoaren, Juan Gallastegiren, Aurora Irazolaren, eta Ourenseko Santa Joaquina Vedruna Ordenaren eta Balmori ahizparen laguntzagaz.

Mallabiko Iruatxeta etxean jaio zen Sagastasoloa, eta Bilboko Teresianetan magisteritza ikasi ostean, andereñoa izan zen Algortan. Basagoiti etorbidean zegoen ikastolan erakutsi zuen, errepublikaren kontrako estatu kolpeak hasitako gerra zibila sartu arte. Joan zen zapatuan, apirilak 14, 87 urte bete ziren Errepublika aldarrikatu zela. Gerra zibila sartuta, ikasle batzuk hartu eta Bordele ingurura jo zuen Sagastasoloak, Mungiako Josefina Torrontegigaz, 1936an. Han errefuxiatu ziren.

Gerra amaitu aurretik itzuli zen Espainiara, oraindik errepublikarra zen Madrilera, eta milizianoen laguntza izan omen zuen. Hala ere, kargugabetu egin zutenez —ikastolan aritu zelako, eta eskola-umeekin Bordelera ihes egin zuelako—  ezin izan zuen irakaskuntzan lan egin. Titulurik barik joan zen Santiago de Compostelara, zientzia kimikoak ikastera. “Horretarako behar zituen agiriak, ordura arteko ikasketen ziurtagiriak, norbaitek bidali omen zizkion; karta-azalean ez zen ageri izen-abizenik, ezta helbiderik ere”, azaldu du Salterainek.

1942-1943an itzuli zen Durangaldera Luzia Sagastasoloa, zientzia kimikoetan lizentziatuta. Durangon irakasle jardun zuen Vedruna karmelitek Kurutziagan zuten ikastetxean, eta Komentu kaleko akademia txiki batean ere irakatsi zituen zientziak. 1946-1947ko ikasturtean, Gasteizko Vedruna karmelitetan sartu zen moja, eta Ourenseko Comunidad Santa Joaquina de Vedruna komentura joan zen 1949an. Irakasten jarraitu zuen, eta ordenako kargu altua izatera heldu zen Madrilgo Kolegio Unibetsitarioan (1963-1982). Editorial Vedrunan ere lan egin zuen gero. 1991n itzuli zen Gasteizera; 1999an hil zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!