“Sortzea oso prozesu intimoa da niretzat, eta bakarrik nagoela egiten dut”

Aritz Maldonado 2018ko ots. 23a, 14:00

OM lanagaz kritikaren eta publikoaren txaloak jaso ostean, buru-belarri aritu dira lanean honen jarraipena den Eason diskoan Izaro Andres, Iker Lauroba, Julen Barandiaran eta Oriol Flores musikariak.

Nolako harrera izaten ari da Eason?
Izugarria. Mugikorrak eztanda egingo dit. Sare sozialetatik maitasun handia jasotzen ari naiz, eta, kontatu didatenagatik, denda batzuetan larunbat goizean bertan agortu zen Eason. Zoragarria!

Zaleak gogoz egon dira zure lan berriari itxaroten. Presioa igarri duzu?
Bai. Presioak berak bi aurpegi ditu. Bat positiboa: irrika eta gogoa; eta beste bat negatiboa: espektatibak eta horietara ez heltzearen porrot sentsazioa. Orekari eusteko ezinbestekoa da konturatzea bietako bat bera ere ez dela hain garrantzitsua, eta lana ahalik eta ondoen egin behar duzula.
Besterik ez.

Urte bi igaro dira OM eta Eason lanen artean. Nola hazi da Izaro denbora honetan?
Norabide askotan. Oro har, heldu egin da. Musikaz haratagoko lan mundu korapilatsua ulertzen hasi da, kultura egitetik bizi direnen lan baldintza ez duinak ikusi ditu eta profesionalizaziorako borrokan ari da, krisi existentzial bat pasatu du, ahotsa lantzen hasi da, bizitza berregituratzen bere lanbide berria ahalik eta duinen bizitzeko...

Doinu ezberdinekin saiatu zara lan berri honetan, blues, runba... Gauza berriak probatzeko gogoz ibili zara?
Gauza berriak probatzeko gogoa beti. Egia esan, bluesa zaharragoa dut Om baino, baina ez nintzen gai nik neuk sortzeko; beraz, pendiente neukan zerbait izan da Devil.
Bestalde, La Felicidad berritasunaren askapena izan da. Primeran pasatu nuen sortzen, eta oso ondo pasatu dut janzten eta grabatzen.

Nola sortzen dituzu abestiak, zure kabuz ala taldekideekin?
Nire kabuz. Gero, behin eginda daudenean, musikariei erakusten dizkiet, eta denon artean janzten ditugu. Baina sortzea oso prozesu intimoa da niretzat, eta bakarrik egiten dut.

Berbetan euskara, gaztelania eta ingelesa erabili dituzu. Zeren arabera egiten duzu aukeraketa?
Ez dut kontzienteki egiten. Hizkuntzak berak aukeratzen du kanta, eta nik libreki uzten diot izaten.

Zertan inspiratzen zara hitzak edo musika bera idazteko?
Kasuaren arabera. Zerbaitek edo norbaitek sorrarazi behar dit zerbait. Izan daiteke eguzki izpi bat, esaldi bat, begirada bat, egoera bat… Normalean egoerak izaten dira nire musa, edo egoeren atzean dauden pertsonak.

Donostiagaz harreman estua duzula nabari da lan honetan. Zelan eragin dizu han bizitzeak?
Oso eroso nago Donostian. Eskuzabalki hartu nau hiriak, itsasoa bertan dela nabari da haizean, jende zoragarria ezagutu dut (batzuk donostiarrak, beste batzuk donostiartuak) eta musikaz jantzi nau. Agian dena izango zen kasualitatea, baina oso kasualitate ederra izan da. Ni neu sentitzen naiz hemen. Ez dakit, maitatua sentitzen naiz.

Urduri zuzenekoetarako?
Oso gogotsu, baina oso urduri. Urtebete daramagu kantuak lantzen eta entseatzen, eta gogo itzela dugu egiten gabiltzana erakusteko. Uste dut esperientzia polita izango dela, bai guretzat, bai ikusleentzat. Maitasun eta mimo handiz ari gara kontzertuak prestatzen.

Mexikora ere bazoaz.
Azken urte bi hauetan jende asko ezagutu dut, tartean Sergio Cruzado. Beragaz nabil bira honetako kontzertuak lotzen eta berak proposatu zidan Mexikon lauzpabost kontzertuko biratxo bat egitea; baiezkoa eman genion. Ea ez den ezer aldrebesten; oso emozionatuta gaude Mexikokoa dela-eta.

‘Eason’, urteetan aurreztearen fruitua

Jauzi nabarmena egin du Izaro Andresek lehenbiziko lan luzetik bigarren honetara. OM-en kasuan, crowfunding bidez finantzatu zuen diskoa; bigarren hau, berriz, urteotan irabazitakoagaz ordaindu ahal izan du. Denetik egin du mallabitarrak urteotan: hitzaldiak eman eta eskoletara joan, besteak beste. “Lan txikiekin lortutako diruagaz eta kontzertuek ematen diguten etekin apurragaz ordaindu dut Eason; asko lagundu didate OM-en salmentek, eta, hala ere, ozta-ozta iritsi zait!” azaldu du artistak. Estudioko lana gogorra dela aitortu du musikariak; gustura aritu da, halere. “Kontzertuak eskertzekoagoak dira, baina biak egiten jakin behar da. Eason honetan, Xabier Zeberiok eta Jesus Bustosek ere parte hartu dute. Kontzertuetan Garazi Esnaolak lagunduko die Izaro Andresi eta musikariei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!