Hondakin organikoak biltzeko sistema berria ipini dute martxan Mallabiko herrigunean

Aitziber Basauri 2018ko ots. 20a, 09:30

Zaborra batzeko ohiko edukiontzi berdeak desagertu dira Mallabiko herrigunetik. Organikoa biltzeko edukiontzi marroiak jarri dituzte haien ordez, eta errefusa biltzeko ontzi grisak. Debabarrenako Mankomunitateagaz jarri dute martxan sistema berria, eta herrigunean bizi diren 300 familiek erabiliko dute. Edukiontziek itxitura elektronikoa dute eta txartel bidez ireki daitezke.

Herrigunean bizi den horietako bat da Joaki Nogales. Ohiturak aldatzeak ahalegin bat eskatzen du, hala onartu du, baina birziklatzearen garrantzia nabarmendu du. “Berria da niretzat eta nola egin ikasi behar dut, baina pozik nago. Ondo deritzot. Ohitu naiz papera, plastikoa eta beira birziklatzera, eta, orain, organikoa sailkatzera ere ohitu egin behar naiz”. Nogalesen berbetan, posible da hondakin guztiak birziklatzea, “eta ahalik eta zabor gutxien sortzera jo behar da, ingurumena zaindu gura badugu”. Errefusarako ontzi grisa sailkatu gabeko hondakinak botatzeko erabiliko duenik egon daitekeela onartu du, baina sailkapena bakoitzaren ardurapean dagoela gaineratu ere bai.

Auzokonpost guneak
Dena den, hau ez da organikoa biltzeko sistema bakarra Mallabian: martxoan lau urte beteko dira lau auzokonpost gune jarri zituztela herrian, auzoetan eta herrigunean auzokonposta egin, eta konposta herrian bertan kudeatu eta berrerabiltzeko. Hori aintzat hartuta, sistema berri hau “atzerapausoa” da Xabat Uzuriaga mallabitarraren ustez, “Debabarrenako herri batzuen ezaugarriak ikusita, planteamendu egokia izan daitekeen arren”. Argitu duenez, “Mallabian batzuk sortzen dugu konposta; egiten da sailkapena. Beraz, herrian baditugun azpiegiturak erabiltzera bideratu beharrean, beste ontzi bat jartzeak ez du zentzurik. Konposta egiteko aukera dugu denok, herriak kudeatuta, eta konposta herrian geratuz. Edukiontzi grisak denok behar ditugu, bai, baina sailkapena eginda oso gutxi da bertara doana”.

Mallabian bildutako hondakin organikoak nola erabiliko diren ere galdetu du Uzuriagak.

ARCADIO BENITEZ DAVILA

Urtarriletik martxan dira hondakinen gaikako bilketarako itxitura elektronikoa duten edukiontziak Mallabian, eta herriguneko biztanleriaren %60 baino gehiago batu da sistemara, azaldu dutenez. Otsailaren 25etik aurrera, berriz, ezinbestean beharko dira txartelak. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Partzuergoak kudeatuko du bildutako hondakin organikoa.

Zein da helburua?
Herritarrak sentsibilizatzea, organikoaren bilketa handitu eta errefusa (birziklatu ezin dena) murrizteko. Hiri-hondakinen %20 da birziklatu ezin dena. Europako birziklapen helburuak bete gura ditugu; hau da, 2020rako %50eko birziklapen tasa gainditzea.

Nola kontrolatuko duzue gai bakoitza bere ontzira bota dela?
Helburua ez da kontrolatzea, hondakin sailkapen egokia egin dadin informatzea eta sentsibilizatzea baino. Txartelak aukera ematen du jakiteko bakoitzak urtean zehar zenbat bider erabili duen ontzi bakoitza. Hori jakinda, kanpaina zehatzak proposatu daitezke, berziklapen emaitzak hobetzeko.

Hobari sistemarik egongo da?
Etxe denentzat tasa bakarra egongo da. Era berean, Mankomunitateak onartzeko duen hiri-hondakinei buruzko araudi berriak urtean betebeharreko mugimendu kopuru bat jasoko du. Mallabian, aurten, apirilaren 1etik aurrera, gutxieneko 19 erabilpen egin behar dira organikoaren ontzian, eta honekiko %35 gutxiago errefusaren ontzian. Zehaztu gabe dago zein neurri hartuko den hori betetzen ez denean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!