Trabakua gainean errepidea zeharkatuko duen tunela edo pasabidea egingo du aurten udalak

Joseba Derteano 2018ko urt. 22a, 09:38

Trabakua gainean errepideak bitan zatitzen ditu Mallabiko lurrak. Batetik bestera igarotzeko, errepidea zeharkatu beharra dago, eta hori arriskutsu gerta daiteke. Izan ere, hainbat errei dituen errepide zabala da eta, horren ondorioz, ibilgailuak abiadura handian ibiltzen dira. Errepidea alde batetik bestera zeharkatzeko, azpiegituraren bat egitea izan da auzotarren aspaldiko aldarrikapena. Aldundiak ez duela egingo ikusita, udalak berak egitea erabaki du. Lanak aurten hasi eta amaitzea da asmoa.

“San Juan Goitako auzotarrek, esaterako, errepidea zeharkatu behar dute gaur egun Durangorako autobusa hartzeko. Abereak dituzten baserritarrek ere arazoak izaten dituzte bidea gurutzatzeko”, azaldu du Igor Agirre alkateak.

Pasabide bat egitea Bizkaiko Foru Aldundian aspalditik egin izan duten eskaera dela azaldu du Agirrek. “2010eko batzar orokorretan mozio bat sartu zen gai honen inguruan, baina kontua hor geratu zen”, dio Agirrek. Iaz ere Aldundiko ordezkariekin batu ziren. “Eurek ez dutela egingo esan digute, ez dutela horretarako dirurik”, esan du.

Bide gainetik ala azpitik?
Hasierako asmoa errepide azpitik tunel bat egitea zen. Izan ere, abereak gaineko pasabide batetik ezingo zirela igaro uste zuten. Baina, joan zen astean, arloko aditu bategaz batu eta egoki egindako gaineko pasabide batetik abereak ere igaro zitezkeela esan zieten. Beraz, hartu beharreko lehenengo erabakia horixe da: lur azpiko tunela ala gaineko pasabidea egitea.  

Pasabidea San Juan Goita auzora sartzeko bidegurutzea baino apur bat harantzago hasiko litzateke, Markina alderago, Abadiño-Markina norabidean. Beste aldean, Trabaku Goiko tabernak duen aparkaleku inguruan irtengo litzateke tunelaren kasuan, eta ondoan dagoen mendi-muinora gaineko pasabidearen kasuan.

Aukera baten edo bestearen aldeko hautua egin ostean, proiektua egiteko prozedura abiatuko dute. Irail ingururako proiektua eginda egotea da asmoa. Horrela, lanak esleitu eta urrian obrak hasteko moduan izango direla aurreikusi dute. Modu horretara, pasabidea amaituta egon daiteke 2018. urtea bukatu aurretik.

Diru-laguntzak
Udaleko diru-kutxako soberakina baliatuko dute proiektua aurrera eramateko. 2017ko kontuak martxo ingururako izatea gura dute. Orduan jakingo dute zehatz-mehatz soberakinen atalean zenbat diru duten. Bizkaiko Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara —Landa-Garapen Sailera— diru-laguntzak eskatuko dituzte. Pasabidea egiteak bostehun bat mila euroko inbertsioa eskatuko duela estimatu dute alkateak azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!