Asier, gazteagotan auto klasiko bat erregalatu zizuten.
A.A.: Bai. Debako lagun batek Citroen Dyane 6 bat oparitu zidan, AK 400 modeloa, furgoneta estilokoa. Jendeak barre egiten zuela-eta hasieran lotsa ematen zidan, baina gustua hartu nionean neuk egiten nien barre besteei. Azkenean, saldu egin genuen, arriskutsua ere bazelako: Markinan gora 40 kilometro orduko abiaduran joaten ginen, eta 100etik gorakoan pasatzen gintuzten ondotik. Sustoak hartzen genituen.
Beraz, abiadura sentsaziorik ez zenuen auto haregaz.
A.A.: Ez pentsa, beharbada abiadura sentsaziorik handiena auto harexegaz geneukan. Gogoan dut bihurguneetan Izaskun alde batera eta bestera mugitzen zela, zaldiko-maldiko batean moduan.
Zelan hartu zenuten auto lasterketetan aritzeko erabakia?
A.A.: Betidanik ametsa izan dut, baina, garestia zela-eta ez genuen ezer begiratzen. Behin berbetan genbiltzan, eta beroaldi batean Izaskunek esan zidan: “Zergatik ez duzu auto bat alokatzen eta lasterketa batean parte hartzen?”. Autoak begiratzen hasi ginen lagunekin eta Ford Fiesta bat aurkitu genuen. 150 zaldi ditu, eta bere klasekoek 180 bat. Ez da lehiakorra eta inork ez zuen gura. Erosi egin genuen.
Eta plan horretan noiz animatu zen Izaskun kopilotu izatera?
I.B.: Probatzea erabaki nuen. Bere ametsa zen, baina nirea ere bai hein batean. Hasieran ez nekien gustatuko zitzaidan edo lehenengo bihurgunean autotik jaisteko eskatuko nion!
Zelan ikasten da ezerezetik abiatuta kopilotuaren eginbeharra?
I.B.: Aketza Santakolomagaz harremanetan jarri ginen, hark bazuelako esperientzia, eta argibideak eman zizkidan. Ondoren, geure airera ikasi dugu, ni bere ezaugarrietara moldatu naiz, eta alderantziz. Gehienbat autodidaktak izan gara.
A.A.: Izaskunentzat ahalegin bikoitza izan da. Afizio berezirik ez zuen batek lanketa hori dena egitea, alboan esertzea, argibideak zehatz ematea… meritu itzela dauka.
Orain urte bi estreinatu zineten Lea Artibaiko San Miguel lasterketan eta ez zen gura moduan irten…
A.A.: Lehenengo tartean ez nuen gozatu: ahoa lehor-lehor neukan, tentsio itzela, lentillak sikatu egiten zitzaizkidan… aurrekorik ere ez nuen ikusten. Baina, tira, egin genuen. Bigarren tartean hobeto sentitu nintzen eta denborak ere dezente hobetu genituen. Zelako poza! Horrela heldu ginen bigarren egunera. Eta zer gertatuko, eta bihurgune batean bazterra jo nuen lehenengo tartean. Ordukoa baino sentsazio eskasagorik! Ez diot sentimendu hori inori desio. Gehien izorratu gintuena da suabe ibiltzeko eta ikasteko mentalitateagaz irten genuela. Eta begira. Azkenean, desilusioa ez zen guretzat bakarrik izan, baita abentura honetan lagundu ziguten denentzat ere.
I.B.: Lehenengo rallyak irakatsi zigun mundu honetako alde ona eta txarra. Biak batera, eta denbora gutxian. Nik ez dut oroitzapen txar-txarrik. Ikasteko balio izan zigula uste dut.
Pilotua eta kopilotua senar-emazteak izateak zer abantaila eta desabantaila ditu?
A.A.: Abantailarik handiena elkarregaz dugun konfiantza da. Beste pertsona bategaz, bildurragatik edo, gauzak ez dira argi esaten sarritan, edo ez zara ausartzen dena esatera. Konfiantza baduzu, badakizu esan dezakezula eta ez dizula txartzat hartuko. Bakadizu zelan jokatu behar duzun. Jende askok esan digu auto barruan eztabaida asko izango genituela, baina, egia esanda, ez da izan gure kasua. Desabantailak? Ez dakit desabantaila den, baina lasterketa hasieretan batzuetan pentsatzen dut ez noala bakarrik, biok gaudela barruan eta segurtasun baremo batzuen barruan ere gidatu behar dela.
Errepidean gertatzen dena errepidean geratzen da, ala etxera ere heltzen da?
A.A.: Etxera ere heltzen da, bai.
I.B.: Sarritan ez duzu deskonektatzen. Azken batean, ez da lasterketetan gertatzen dena bakarrik. Auto bat errepidean jartzeak lan handia dakar, babesleengandik hasita. Beste mundu horrek eztabaida gehiago eragiten dizkigu.
Euria egin badu eta errepidea arriskutsu badago, biotako nor da “hobe topera ez joatea” esaten duena?
I.B.: Normalean, ni. Asier euripean oso ondo dabil eta konfiantza ematen du, baina sekula ez da jakiten.
A.A.: Inoiz esan izan dit astiro noala eta sakatzeko!
Imajinatu egoera hau: kalera irten eta bat-batean Asier beste kopilotu bategaz entrenatzen ikusi duzu, edo alderantziz. Desilusio handia litzateke?
A.A.: Izaskun oso kopilotu ona da. Arretatsua eta fina. Noizbait beste piloturen batek eskaini izan dio, eta nik animatu dut probatzera, baina besteekin konfiantza falta horrek… Baina nigatik, libre!
I.B.: Niretzat oso gaitza izango zen besteren bategaz aritzea. Beragaz dut konfiantza. Orain, berak besteren bategaz probatu gura badu hobea delako… aurrera!
Kart-etan ibiliak zarete. Nor da arinagoa?
A.A.: Ez dakit nor den arinena, baina orduan sortzen dira haserrerik eta pikerik handienak, egia esanda. Aurreratze bat ez dela legezkoa izan, hau eta bestea…
Talde bat sortzen ari zarete, ezta?
A.A.: Aurten ez lehiatzeko asmoa geneukan arrazoi ekonomikoengatik eta beste arrazoi batzuengatik. Baina 2017 denboraldiko emaitzak, beste munduko ezer izan barik, nahiko dezenteak dira: Bizkaiko bigarren maila irabazi dugu eta Euskadiko bigarren mailan hirugarren geratu gara. Mekanikoek eta ingurukoek animatu gaituzte talde bat eratzera. Dossier bat egiten gabiltza urte osoko gastuak zehatz jasoko dituena. Enpresen aldetik laguntza minimo bat lortuz kotxea txukun jartzen saiatzeko. Askok uste dute autoen mundua garestia dela eta ez dakit zelako diru kopuru eskatzera joango garela, baina ez da horrela. Bakoitzak ahal edo nahi duena emanda gu esker oneko egongo gara.
Zer helburu duzue denboraldi berrirako?
A.A.: Autoaren ezaugarriengatik lasterketa luzeak hobeak dira guretzako. Rallysprintetan baino rallyetan emaitza hobeak lortzen ditugu. Beraz, Euskadiko Rally Txapelketan parte hartzea pentsatu dugu. Lau proba dira. Horrez gainera, Hondarribiko eta Aramaioko rallysprintak egitea pentsatu dugu: Errepideak dituen ezaugarriengatik gainerako rallysprintak baino egokiagoak dira guretzako.
Argazkia: Odei Racing