Abenduan 2018rako udal aurrekontuak onartu zituzten EAJk eta EH Bilduk, aho batez. Guztira, 2.384.200 euroko zenbatekoa du aurtengo aurrekontuak, iaz baino %10 gehiago.
Inbertsioen atalean, eskolarako irisgarritasuna hobetzeko proiektuak du diru atalik handiena: 260.000 euro. Osasun zentrorako irisgarritasuna ere hobetuko dute beste 60.000 euro erabilita. Orain, anbulantziak ezin dira anbulatorioko ateraino joan, eta hori ahalbidetzea da lanen helburuetako bat.
Auzoak eta umeen parkea
40.000 eurogaz auzoetarako argiteria eta bideak hobetuko dituzte. Aurten gauzatu gura duten beste hobekuntza bat umeen jolasgunearen gainekoa da. Zaharkituta geratu dela-eta, zelan moldatu daitekeen pentsatzen ari dira. Bitartean, aurrekontuetan 20.000 euroko atala gorde dute zeregin horretarako.
30.000 euroko beste inbertsio baten bidez, Herrikotik Iñusperainoko hoditeria aldatuko dute, gaur egun dagoenak arazoak ematen dituelako.