“Orain erraketagaz nabil buru-belarri, eta hor ikusten dut nire burua etorkizunean”

Joseba Derteano 2017ko abe. 9a, 11:00

Mallabiko Landazuri baserriko egongela txapelez eta garaikurrez beteta dago. Amaia Araiztegiren gurasoek mimo handiz zaintzen dituzte alabaren lorpenak. Esku pilotan zein paleta goman eskuratutakoak. 20 urte besterik ez, eta beterano baten palmaresa du. Txapelen bildumara batu duen azkena Kolonbiako munduko txapelketan lortutakoa da. Patricia Espinarrek eta biek ‘One Wall’ modalitatean irabazi dute.

Aurten Olentzero aurreratu dela esan behar nizun, baina ikusten dut askotan bisitatu duela zure etxea…
Irabazitako txapel denak hor daude. 2013an binaka irabazitako GRAVN txapelketa, esaterako, 28 urtez bizkaitar bat irabazi barik zegoen txapela. Baina nik gehien estimatzen dudan garaikurra esku pilotako azken urtean Berrizko Udalak eta Oizpe pilota elkartekoek eman zidatena da. Ez nintzen han pilotan aritutakoa, baina detaile hori eduki zuten nigaz, eta estimu berezia diot. 14 urte nituen.

Orain, Kolonbiako txapela gehitu diozu bildumari. Zelan joan zen txapelketa?
Binaka ez ezik buruz buru ere ibili ginenez, egun gutxitan asko jokatu genuen. Patricia Espinarrek hamaika partidu izan zituen hiru egunean, eta nik zortzi. Ekuador, Mexiko eta Holanda menderatuta heldu ginen azkenera, eta finalean Mexikori irabazi genion.

Mexikoren kontra birritan jokatu zenuten.
Bai. Finalean askoz hobeto jokatu zuten, eta latza egin zitzaigun irabaztea. Gainera, gauza kuriosoa gertatu zen. Lehenengo set-eko tanto batean pilota hankapetik igaro zitzaion Patriciari. Setak normaltasunez aurrera jarraitu zuen, eta geuk irabazi genuen. Handik zati batera, pilotak Patricia hankan jo zuela adierazi zuen epaileak, eta tantoa errepikatu behar izan genuen. Azkenean, seta eurentzat izan zen eta partiduari buelta eman behar izan genion. Gugaz joandako kameralariak grabatutako irudian garbi ikusten da pilota hankatik 20 bat zentimetrora igaro zitzaiola. Epaile italiarra zen. Gure mutilekin ere tirabirak izan zituen. Ez dakigu zergatik izan zuen jarrera hori, baina, tira, azkenean irabaztea lortu genuen.

Zer esperantzagaz joan zinen?
Ondo pasatzera joan nintzen, norbere burua zenbat eta gehiago presionatu, okerragoa delako. Patricia emozionatuta zegoen, eta ni, berriz, beldurtuta. Gogoan dut 2012an —bere lehen munduko txapelketan— valentziarrak nahiko eskasak zirela One Wall-ean, baina harrezkero modalitate horretan ere entrenatzen zirela esan zidaten. Ni, guztira, lau bat orduko entrenamenduagaz nindoan. Horrelako kontuek arduratzen ninduten.

Zelako harrera egin zizueten kolonbiarrek?
Hurbileko jendea dira. Kalean denek agurtzen gintuzten eta eurekin argazkiak ateratzeko eskatzen zidaten. Uste dut eurengana hurreratzeko ahaleginik handienetakoa euskaldunok egin genuela, eta hori estimatu egiten dute. Esperientzia aberasgarria izan da. Hango kafe enpresa bateko iragarki baterako grabazioak ere egin zizkiguten. Kafe enpresa bisitatzera gonbidatu gintuzten. Han, brometan, kafe poltsak hartu eta burura etorritako leloak esaten hasi ginen, iragarki batean arituko bagina legez. Gustatu zitzaien eta grabatu egin gintuzten. Ez dakit irudiak erabiliko dituzten. Hori bai, kafe asko erosi genuen, eta uste zutena baino gehiago birrindu behar izan  zuten.

Zelan gogoratzen duzu 2012ko munduko txapelketa?
Irlandan izan zen, eta 15 urte nituen orduan. Sailkapen partiduak jokatu arte One Wall modalitatea entzun barik neukan. Probatzera joan eta azpitxapeldun geratu nintzen buruz buru. Esperientzia itzela izan zen.

Esku pilota 14 urtegaz utzi zenuela diozu. Adin horretan askok uzten dute. Emakume Cup txapelketa lagungarria da emakumeen pilota sustatzeko?
Dilema itzela dut gai horregaz. Ez zait erraza egiten horri buruz berba egitea. Izan ere, antolatzaileak nahiko lagunak ditut, eta lan handia egin dute. Nik parterik ez hartzea erabaki dut. Izan ere, beste hainbat modalitate daude pilotan eta emakumeek urteak eta urteak daramatzate jokatzen. Ez pilotan bakarrik, baita saskibaloian eta beste hamaika kiroletan ere. Haiei oihartzuna ematen saiatu beharrean, hutsetik txapelketa bat sortu eta horretan zentratu dituzte ahaleginak. Itsaso Praderak urteak eman ditu paleta gomako elitean, eta telebistan zenbat bider eman diote hitza? Horrek ez du esan gura txapelketa horren kontra nagoenik, ezta gutxiago ere. Gauza positiboak ditu. Baina final horiek telebistan eman dituzte, eta beste hainbat iragarri ere ez dira egiten. Iruditzen zait oreka gehiago egon beharko litzatekeela.

Urtea amaitzera doa. 2018rako zer asmo duzu?
Pala, ezker horma, apur bat laga egin dut. Hiru-lau txapelketatatan parte hartzen dut, klubagatik. Merezi dutelako. Trinketean jarraituko dut, eta baita erraketagaz ere. Buru-belarri nabil erraketagaz. Gipuzkoar batzuen ekimenez, sasoi bateko erraketa gaur egunera ekarri dute. 80 urte dituzten erraketekin eta larruzko pilotekin jokatzen dugu. Betaurrekoekin eta kaskoagaz, eta neurrira egindako gonekin. Lan itzela egin dute. Beti gura izan dut larruzko pilotekin jokatu, joko biziagoa delako. Asko gustatzen zait. Nire etorkizuna hor ikusten dut. Aspaldiko modalitatea da, emakumeek, behingoz, kirol batetik bizitzeko aukera izan zutena. Eurengatik egin behar dugun zerbait dela iruditzen zait.

Itsaso Pradera herrikideak aurten utzi du paleta goma. Arraroa egingo zaizu berriro kantxetan ez ikustea?
Itsasogatik hasi nintzen palan, eta berak erakutsi zidan jokatzen. Gazteagotan esku pilotan aritu nintzenean ere hantxe zeuden bera eta bere aita. Bere pausoei jarraitu diet. Bai, arraroa egingo zait kantxan ez ikustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!