Mallabian bertsolari gazteen txapelketako finalerdia egingo dute barikuan

Joseba Derteano 2017ko aza. 21a, 12:15

Iazko bertso afari bateko irudia.

Nerea Ibarzabal, Maialen Akizu, Beñat Iguaran eta Txaber Altube ariko dira bertsotan Trabaku Goikoa jatetxean.

Mallabiko Bertsolari Gazteen III. Txapelketako azken finalista biak bariku gauean erabakiko dituzte, Trabaku Goikoa jatetxean jokatuko den bigarren finalerdian. Maila handiko bertso afaria izango da tartean Euskal Herriko txapelketarako lehian aritu diren bertsolari bi daudelako: Beñat Iguaran eta Nerea Ibarzabal. Txaber Altubek eta Maialen Akizuk osatuko dute laukotea. Bertsoa afaria 21:30ean hasiko da eta txartelak Trabakua Goikoa jatetxean eskuratu daitezke, 20 eurotan.

Jon Gurrutxaga eta Unai Mendizabal, lehenengo finalerdiko irabazleak, dagoeneko sailkatuta daude. Mendizabal orain arte jokatu diren aldi bietako irabazlea da. Eneritz Artetxek eta Aratz Igarzabalek, aldiz, beste aukera bati itxaron beharko diote.

Finala abenduaren 7an jokatuko dute, Herriko tabernako soziedadean. Sarrerak Bastidan lortu daitezke, 20 eurotan.

Ikus-entzuleak epaimahai

Txapelketa berezia da, ez delako ohiko epaimahairik egoten. Bertso afarietara batzen diren herritarrek osatuko dute epaimahaia. Saio bakoitzaren amaieran puntuak banatzeko aukera izango dute eta zenbaketaren ostean punturik gehien batzen duten biak sailkatuko dira finalera.

Mallabiko Gazte Taldeak antolatzen du ekimena. “Bertsolaritzarako afizioa betidanik egon da herrian, baina euskarazko ekitaldi gutxi ikusten genituen. Horregatik, bertsotan ondo egiten duten, baina eurena erakusteko plazarik ez duten gazteei begira bertso afarietan banatutako txapelketa bat antolatzea interesgarria iruditu zitzaigun”, azaldu du Xabat Uzuriaga gazte taldeko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!