“Sei kuadrilla inguru etortzen dira, eta aurten 400 kilo intxaur batu dituzte”

Aitziber Basauri 2017ko aza. 14a, 09:00

Sikatzen behar den denbora utzi ostean, jateko moduan daude intxaurrak. Hego haizeak lagunduta, ohikoa baino lehenago aurten. Azken hiruzpalau urteetan, gura adina intxaur batzeko aukera dute intxaur zaleek Mallabian. Intxaurrak jausten hasteagaz batera joan daiteke, eta pisura ordaindu.

Intxaurrak norberak batu eta etxera eramateko aukera ematen duzue. Nolatan?
Ahizpak ikusi zuen Frantzian masusta-zelai handietan otzarekin sartzen zela jendea, gura adina masusta hartzeko. Irteeran, neska-mutil batzuk zeuden postutxo batean, balantza bategaz, masustak pisura kobratzeko. Masustatan joandako jendea ingurua ezagutzearren joaten zen. Ahizpak intxaurrekin berdin egitea proposatu zidan.

Hiruzpalau urte dira horrela egiten duzuela.
Bai. Aurreneko urtean, lagunak etorri ziren eta oparitu egin genizkien intxaurrak. Orduan ikusi genuen oso zaila zela inork bost kilo intxaur erostea, baina, hara joan eta batzen hasita 40 kilo batzen zituztela. Poltsakadak. Hartara, intxaurrak ez ziren lurrean usteltzen. Beraz, intxaurrei prezio bat jartzea eta aurretik iragartzea erabaki genuen. ANBOTOn ere jarri genuen iragarkia. Baina, urte hartan geuk batu genituen. Orduan izan genuen lehen hartu-emana bezero izango zirenekin, Durangoko Plazan. Alabak, lagun bategaz, 70 bat kilo batu zituen, eta dirutxo bat lortu zuten ikasketa bidaiarako. Trebeagoak ziren saltzen!

Plazan ez zenuten saltzen?
Pare bat egunean joan nintzen. Ikusi nuen oso zaila zela saltzea, eta ezagunei esan nien intxaurrak jasotzera etor zitezkeela, merkeago egingo niela. Haiek izan ziren hurrengo urteko lehen bezeroak.

Ordudanik gehiago animatu dira?
Bai, eta jende berria etorri da. Iaz ez nituen hainbeste dei izan, baina etorri zirenek asko batu zituzten: adibidez, bikote batek 40 kilo. Aurten ere berdin egin dugu. Baina, iragarri eta hiru astera denak batuta zeuden, eta itxarote-zerrendan geratu dira lagun bi, datorren urterako. Sei kuadrilla inguru etortzen dira, eta aurten 400 kilo intxaur batu dituzte.

Intxaurrak aurreratu egin dira?
Bai, normalean sanfausto bueltan batzen ditugu eta aurten bizpahiru bat aste lehenago jausi dira. Hurrengoan ere bueltatzea gura dugu. Horregatik, euripean ibiltzeko, edo intxaur gutxi daudenean, gurago dut ez etortzea; ez dakienak txarrak ere hartzen ditu, eta horretaz ohartarazten saiatzen naiz. Ondo batu eta ondo sikatu ditzaten gura dut, intxaurra ona izatea. 

Zenbat intxaurrondo dituzue?
Hektarea bat lursail goldatu eta intxaurrondoak sartu zituen aitak duela 28 urte. Baserrian jaiotakoa da, bizitzera kalera joandakoa. Baina beti gustatu zaio baserria eta, jubilatzean, lurrak eta baserria hartu zituen. Haren kapritxoa zaletasuna izan da. Ardiekin eta zaldiekin ere saiatu zen, eta hasieran bakarrik konpontzen zen. Gero, nire ahizpak lagundu izan dio intxaurrak jaso eta saltzen, lagunei, lankideei. Ni ere ibili nintzen, baina horrela jarraitzerik ez zegoela ikusi genuen.

Intxaurzalea zara?
Zale amorratua ez naiz, baina jaten ditut. Entsaladan gustatzen zaizkit asko, oso erraz jaten dira. Gabonetako intxaur-saltsa ere luxua da. Inoiz egiten dut.

Osasuntsuak ere badira.
Egunero 6-8 intxaur jatea gomendatzen dute. Gantz azido saturatuak eta kaltzioa dituzte eta tiroiderako ere aholkatzen dituzte. Irakurri dudanez, hostoekin edo kanpoko azal berdeagaz egindako likore eta infusioak ere oso onak dira digestio-arazoetarako, eta bizioak kanporatzeko ere erabili ohi da. Leihoan intxaurrondoaren adartxo bat uretan jarrita, ez ei da eulirik sartzen. Hala irakurri dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!