“Herritarren partetik laguntzeko borondate hori guztia sentitzeak bete gaitu gehien”

Joseba Derteano 2017ko aza. 3a, 13:50

Sute batek Begoña Olaso bizi zen etxea erre zuen irail amaieran. Egoeraren aurrean, Mallabiko bizilagunek ez dute beste aldera begiratu. Ekimen bat baino gehiago jarri dira martxan etxerako materiala batzeko edo ekarpen ekonomikoak egiteko. Esaterako, Elgetzu baserriko labean ogia egingo dute azaroko lau zapatuetan, aurrez enkargatuz gero. Bost eurotan salduko dute, eta lau etxea erretako familiarentzat izango dira. Begoñaren alaba Itsaso Praderak esker oneko berbak ditu laguntzen ari zaizkien denentzat.

Elkartasun keinuek ezbeharra eramaten laguntzen dute?
Bai, jakina. Ama ezer barik geratu zela ikusita, herritarrak euren gauzak eskaintzen zebiltzala jakin genuen. Azkenean, kontua udaletik mugitu zuten eta bilketarako gune bat jartzea pentsatu zen. Gura zuenak ekarpen ekonomikoa egiteko bidea ere ireki zen. Orain ogiaren ekimen hau dago. Ikaragarria da elkartasun hau guztia.

Batu dituzue herritarrek udaletxera eramandako gauzak?
Bai, jaso ditugu. Ama udalaren etxe batean bizi da orain, eta hara eraman ditugu. Danetarik jaso dugu. Gauza berdinak askotan errepikatuko ote ziren beldur ginen, baina jendeak galdetu izan digu zer falta zitzaigun; beraz, ez dira asko errepikatu.   

Zer sentipen eragiten dizue elkartasun horrek guztiak?
Oso esker oneko gaude. Ez dakigu gure esker on guztia zelan adierazi ere. Horrelako momentuan jaso dugun laguntza jasotzea itzela da. Laguntza materiala baliotsua da, jakina, baina herritarren partetik laguntzeko borondate hori guztia sentitzeak bete gaitu gehien. Babes hori sentitzea barrura heltzen zaizun zerbait da.

Ama etxean zegoen sua piztu zenean?
Bai, etxean zegoen. Beheko sua dugu, zabaldu eta ixteko atea duen horietakoa. Atea itxita zegoen, baina zeozerk salto egingo zuen edo…

Segituan konturatu zen? Arriskurik igaro zuen?
Ezkaratzean zegoen. Sasoi batean handik ondoko etxera sarbidea zegoen eskailera batzuetatik eta, bat-batean erabaki behar zenez, hara joan zen. Ate horretan horma bat dago gaur egun eta harrapatuta geratu zen, ez atzera eta ez aurrera. Bizilagunei deitu zien, oihuka. Atea bota zuten eta handik irten zen. Erredurak zeuzkan, suak baino berotasunak eraginda.

Zu zelan enteratu zinen?
Han inguruko bizilagun batek deitu zidan, nire amaren etxetik kea ikusten zuela esanez. Mugikorrera deitu nion, eta ez zuen hartzen. Telefono finkoan ere ez. Orduan arduratu nintzen. Ermuatik Mallabira bertaratu nintzenerako, ama kanpoan zegoen.

Teilatua kaltetuta ikusten da. Barrua zelan dago?
Ez da ezer geratu. Etxea, kotxea, nire mutil-lagunaren motorra… Edo balio sentimentala zuten gauzak. Aita hil zela hiru urte egingo dira laster, eta haren argazkiak eta gauzak erre ziren. Amak oraindik ez du etxea zelan geratu den ikusi. Ez du harantz begiratu gura. 40 bat urtez bizi izan da bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!