Ardo Azoka probalekuan antolatuko dute, 12:00etatik 17:00etara, baina pintxoen postuak kanpoaldean jarriko dituzte espazioa hobeto aprobetxatzeko. Barruan, Ardosaltsanen eta Mallabiko Udalaren artean antolatutako azokan sei postu egongo dira, besteak beste Launa eta Norzagarai bodegekin. Ardoa da protagonista nagusia (Errioxa, Duero aldea…), baina txakolina (Urkizahar, Getariako jatorri-deituragaz), Cava (Brut Nature…) eta Vermoutha (Petroni Rojo) probatzeko aukera ere izango du bost euroko sarrera ordaintzen duenak.
Kontzertuak gaur eta bihar
Urriko Jaiak gaur arratsaldean hasiko dira. 19:00etan Elizpeko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta, ostean, labeldun oilasko pintxoak jateko aukera egongo da plazan. 20:30etik aurrera Rock Bothers Duo taldeak eta DJ Txurruk zuzenekoak eskainiko dituzte.
Zapatuan, 11:00etan, umeentzako duatloia antolatu du guraso elkarteak. 22:00etan Hesian, Skakeitan eta Trikizio taldeen kontzertua hasiko da.