Laitek enpresak 18 langile ditu eta horietako 11 greban daude joan zen asteko astelehenaz geroztik. Enpresaren aurrean daude euren egoera salatzen eta irtenbideak eskatzen. Langile bi kaleratu dituzte eta horiek berriro hartzea eskatzen dute, bidegabeko kaleratzeak izan direla argudiatuta. Uztaileko eta abenduko aparteko ordainsariak kobratzeko eta toxikotasunagatik plus bat jasotzeko ere eskatzen dute. ELAko delegatu sindikalaren bidez enpresako zuzendariarekin negoziatu guran dabiltzala diote, baina momentuz ezin izan dutela lortu.
Laitek Mallabiko Goitondo industrigunean kokatuta dagoen enpresa da. Industrigune berean dagoen Mugape enpresarentzat azpikontratatuta lan egiten dute. Enpresan piezak metaleztatzen dituzte eta horiek egiaztatzea da Laitek-eko langileen lana.