“Emakumea izanagatik pilotan bagenekiela frogatu behar hori sentitzen genuen hasieran”

Joseba Derteano 2017ko ira. 23a, 10:30

Itsaso Praderak (Mallabia, 1986) etxeko geletan sakabanatuta dituen txapeletako lautan ‘munduko txapeldun’ berbak irakurri daitezke. Palmares oparo bateko tontorrak dira. Gaztea den arren ez du hasierako ilusiorik, eta erretiratzea erabaki du. Umil eta zalapartarik atera barik; horrela agurtu du bere ibilbidea hamarkada batean Euskal Herriko paleta goman erreferente nagusienetakoa izan den pilotariak.

Oraindino adin ona daukazu pilotan jarraitzeko. Zergatik hartu duzu uzteko erabakia?
Iaz eta orain urte bi ere banuen uzteko gogoa. Udako zirkuituak hurrengo denboraldian ere jarraitzen duenez, ba, jarraitu egin dut. Baina aurtengoa azkena izan da. Lehen, asteburuetan gogoz eta ilusioz ibiltzen nintzen hara eta hona, baina, azken aldian, partiduetara joanda, egin ezin nuena izaten nuen buruan. ‘Ezin dut hona joan edo ezin dut hau egin’. Horregatik erabaki dut uztea.

Ez da izan gorputzak ez zuelako gura moduan erantzuten.
Ez, baina motibazio faltak eragiten du sasoi puntuan. Ez zen lehengoa.

Bizi osoa frontoirik frontoi ibilita, kostatzen da erabakia hartzea?
Ez hainbeste, banekien-eta frontoiari lotuta jarraituko nuela. Mallabiko pilotalekuan lan egiten dut [frontoiko kudeaketa darama] eta lagunekin sarritan geratzen naiz jokatzeko. Beraz, pala ez dut utzi.

Aita eta nebak pilotari lotuta egon dira. Etxean umetatik ezagutu duzun kirola da.
Neba bat txirrindularitzan hasi zen ondoren. Nire asteburuak horrelakoak ziren txikitan: batean neba baten lasterketara, eta hurrengoan bestearen pilota partidura. Mallabian ez zegoen beste kirol batean aritzeko aukera handirik ere.

Orain 17 urte esku pilotatik paleta gomara pasatu zinenean, zein zen kirolaren egoera?
Nik banekien trinketean Tornosolo taldea zegoena, eta han probatu nuen. Neskek bakarrik osatutako taldea zen. Bizkaian ez dakit beste talderik bazegoen. Nik uste dut Bizkaian paleta goman jokatzen genuen neska denok Tornosolon genbiltzala. Markinako eta Bilboko pilotariak etortzen ziren.

Eta orain, zein da egoera?
Orain pilota klubek nesken pala taldeak sortu dituzte. Durangaldean hainbat daude. Txikitatik ezagutzen dute paleta gomaren mundua, eta hori inportantea da.

Zuri eta zure belaunaldikoei harresi batzuk eraistea egokitu zitzaizuen?
Partidu bat jokatzen genuenean zerbait erakutsi behar genuen presioa sentitzen genuen. Emakumeak izanagatik pilotan jokatzen bagenekiela frogatu behar hori, hain zuzen. Ez  dut uste oraingo gazteek sentsazio hori dutenik, eta horrek garapen bat eman dela erakusten du.

Ibilbide luze honetan bada unerik, txapelik, pertsonarik…betirako oroimenean eramango duzunik?
Laura Saez eta Ane Isasmendi, esaterako. Euskadiko selekzioagaz sarritan ibili naiz eurekin. Atzerriko pilotariekin ere gogoratzen naiz; txiletarrak, argentinarrak eta estatubatuarrak, kasu; beharbada ez ditudalako berriro ikusiko. Pena apur bat ematen dit, egia esanda. Une edo txapelei dagokienez, gaitza da bat bereiztea, baina nire lehenengo munduko txapela ez dut sekula ahaztuko. San Frantziskon (AEB) izan zen. Ez nengoen hara joateko aukeratuen artean, baina atzerriko bikote batek huts egin zuen eta bikote berri batentzako tokia sortu zen. Uxue Fernandez eta ni aukeratu gintuzten. Beraz, Euskadiko selekzioak bikote bi eraman zituen, eta Uxue eta biok geratu ginen munduko txapeldun, bigarren bikote moduan joan arren. Oso une polita eta berezia izan zen.

Paleta gomak mundua ezagutzeko aukera eman dizu?
Bai, eta hori da gehien betetzen nauena. Munduan batetik bestera ezagutu dudan jendea. Denok batera egoten gara eta giro polita sortzen da.

Hamarkada batez paleta gomako erreferenteetakoa izan zara. Beti faboritoen artean. Presio hori zaila da eramateko, ala gustura hartu duzu?
Momentuaren arabera. Sasoian bazaude, konfiantza handiagoa duzu zure buruarengan eta errazago eramaten da. Txapelketaren bat egon denean edo atzerrira jokatzen joan naizenean, orduan sentitu dut presio apur bat gehiago, baina, tira, azkenean ondo moldatzen ginen.

Nesken paleta goma taldea sortu zenuen 2008an.
22 neskagaz hasi ginen, eta gaur egun 15 bat dabiltza. Kopuru polita da. Aurtengo ikasturtean utzi dut hori ere, baina taldeak aurrera darrai.

Hain harrera ona izango zuela espero zenuen?
Ez. Eskoletara joan eta neskak batu guran hasi ginen. Hiru-lau batzeko modurik izango ote genuen galdetzen nion neure buruari. Eta begira. Lehenengo mailatik seigarrenera arteko neskarik gehienek eman zuten izena. Hasieran motibazioa landu genuen neska batzuekin. Mundu berria zen eurentzat eta konfiantza falta zitzaien. Paleta goman egin zezaketela barneratu gura genien.

Euren irakaslea eta erreferentea izan zara. Zeuk irakatsi diezu. Paleta goman utzi duzun ondarea dira.  
Alde horretatik oso pozik nago. Ilusio itzelagaz egin dudan lana izan da. Ni baino urrunago heltzen badira, poztuko naiz. Seinale ona izango da.

Jarraitzailerik sutsuena etxean omen duzu: ama.  
Bai, oso pilotazalea da. Gazteagotan, dudak nituenean, beti animatu ninduen. Uneoro. Babes handia izan da niretzat eta asko eskertzen diot.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!