Gazterobotika, zientzia eta sormena uztartzen dituen tailerra Mallabian

Joseba Derteano 2017ko abu. 29a, 10:39

Izena ematen duten gazteek hutsetik robot bat sortzeko aukera izango dute. Ondoren, gura duenak irailaren 23an Eibarren egingo den Euskadiko txapelketara aurkeztu dezake bere robota.

Gazterobotika gazteen artean zientzia, teknologia eta ingeniaritzarekiko zaletasuna pizteko proiektua da. Robotikaren arloan adituak diren Doplay enpresako arduradunak herriz herri ibiltzen dira 6 eta 16 urte arteko gaztetxoekin tailerrak eginez, tokian tokiko udalen babesarekin. Irailaren 4tik 8ra Mallabian izango dira. Gazteek hutsetik robot bat egiteko edo bideojoko bat programatzeko aukera izango dute. 2001 eta 2009 urteen artean jaiotako gazteek parte hartu dezakete eta oraindik badago tokia, arduradunek jakinarazi dutenez. Izen-ematea www.gazterobotika.eus webgunean egin daiteke (30 euro) ostiral eguerdi baino lehen. Irailaren 4, 5 eta 6ko klaseak goizetan izango dira, 09:00etatik 13:00etara. Irailaren 7 eta 8ko klaseak, aldiz, arratsaldetan izango dira, 16:00etatik 20:00etara, Kontsejuzarran.

Gazterobotika egitasmoa irailaren 23an Eibarren egingo duten Euskadiko txapelketagaz amaituko dute. Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du txapelketak. Mallabiko tailerretan parte hartzen duten gazteek euren robota txapelketa horretara aurkeztu ahal izango dute, nahi izanez gero. “Ez da derrigorra. Ez da lehiaketa bat jai bat baizik, zientzia eta sormenaren inguruko jai bat”, adierazi du Doplay enpresako arduradun Alberto Asinek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!