Lehiaketara aurkeztu diren zazpi enpresen artean, Arabako Indenort enpresa aukeratu dute proiektuaren kargu egiteko. Gasteizko enpresa horrek lortu du puntuaziorik onena. 290.318 euroko proposamena aurkeztu dute lanak burutzeko.
Lanak abuztuko azken astean edo irailaren hasieran hastea da asmoa. Epe horiek gauzatuko balira, abendu ingururako prest egongo litzateke espazio eraberritua.
Prozesu luzearen amaiera
Proiektu hori prozesu luze eta parte-hartzaile baten ondorioa da. Iazko martxoan Mallabiko Udalak herritarrei kontsulta egin zien aukera desberdinen artean. Herritar gehienek zurezko estaldura baten aldeko hautua egin zuten. Barruan sortuko den espazioan, umeentzat jolasak eta helduentzat gimnasio biosasungarrirako makinak ipiniko dituzte, besteak beste. Belaunaldi anitzetako herritarren bilgune izan dadila da helburua.