Abuztua oparoa da jaietan. Inguruko herri asko ospakizunetan daude. “Sarritan ez da erraza jendeari herrian eustea, baina paella txapelketaren eguna herritarrena izaten da. Jaietako egunik onena da guretzat”, dio Guisasolak. Paella egiten, elizpean denak elkarregaz bazkaltzen, kuadrillen arteko jokoetan parte hartzen… “Lagun artean ibiltzean sortzen den saltsa hori da inportanteena. Mahairik mahai joanez kontu kontari ibiltzea, adar apur bat jotzea, beharbada txorizo pintxoren bat jatea… hori da politena”, kontatu du Mugarzak.
Sukaldari baino gehiago, laguntzaile lanetan ibiltzen direla diote. “Paella on baten sekretua emazteei galdetu behar! Geuri ere ez digute esaten, beraz begira zelako komeriak!”, onartu du Guisasolak, barreka.
Paellaren bueltan hamaika istorio eta anekdota dituzte. Esaterako, Mugarzak oraindik gogoan du gaztetxoak zirela zelan joaten ziren herriko errekara karramarroak harrapatzera, ondoren paellak egiteko.
Bazkalostean egiten diren kuadrillen arteko jokoak dira eguneko beste osagai inportante bat. Urtero parte hartzen dute, eta aurten ez da salbuespena izango.
Guisasolak gertutik ezagutzen du herri kirolen mundua. Aizkolaria da eta loba harrijasotzailea du. Hain zuzen, Jon Guisolak, 18 urteko loba gazteak, Mallabiko 27. Harri-Jasotze Sarian debuta egingo du aurtengo Andra Mari jaietan. Goi mailako harri jasotzaileak batuko dira abuztuaren 15ean.
Migel Mugarza bertsozalea da, eta behin baino gehiagotan animatu da bertso idatziak sortzera. Esaterako, Mallabiko neska gazteen taldeak ETBko Oh Happy Day! lehiaketan hirugarren amaitu zuenean, herrian egin zieten omenaldirako bertso idatziak sortu zituen.