Mallabiko jaietako txupinera izango zara. Zer suposatzen du zuretzat herriko jaiei hasiera ematea?
Ametsen atzetik borrokan gabiltzanoi herriak txupinazoa botatzeko aukera bat ematea oso polita da. Iaz Aitor Elordi pilotari profesionalak jaurti zuen txupinazoa, eta aurten niri tokatu zait. Azken batean, esker oneko zerbait da.
Hazten ikusi zaituen herriaren aurrean zer esango duzun pentsatzen hasia zara?
Egia esan, ez. Oraindik ez dut ezer pentsatu, abuztu erdialde hori oraindik urruntxo ikusten dut eta.
Nola bizi izaten dituzu Mallabiko Andra Mari jaiak?
Jaiak buru-belarri bizi izaten ditut. Ez dira oso jai handiak izaten, herri txikia dugulako gurea. Baina, adibidez, guretzat paella eguna egun handia izaten da. Herriko kuadrilla guztiak jokoak egiten ibiltzen gara, eta esango nuke gure kuadrilla egun honetan izaten dela batez ere talde animatua eta dinamikoa.
Aurten, gainera, jaietan kontzertua eskainiko duzu. Om diskoaren birako azkena.
Hala da, bai. Toki askotan jotzen ibili gara, bai Euskal Herrian eta baita Estatuan ere. Baina azpiegitura arazoak direla medio, ez dut inoiz herrian bandagaz jotzeko aukerarik izan. Beraz, jaietan azpiegitura hori jartzen dela aprobetxatuta, nire burua modu boluntarioan aurkeztu nuen birako azken kontzertua bertan jotzeko. Gainera, kontzertu honegaz, zertan gabiltzan ikusi ahalko dute herritarrek, eta Mallabitik kanpo arrakasta zelan lortu dugun ere jakin ahal izango dute.
Zure lehen kontzertua ere herrian eman zenuen.
Bai. Ez zen birako lehen kontzertua izan, nire lehen kontzertua izan zen, orokorrean. Baina egia da kontzertu honegaz zikloari amaiera bat emango diodala.
Duela pare bat aste Bilboko BBK Live kontzertuan ikusi zintugun. Nola joan zen?
Kontzertuaren aurretik oso arduratuta nengoen. Jaialdiaren aurreko astean gaixorik egon nintzen eta ahotsik gabe nengoen. Ahal izan nituen sorginkeria guztiak hartu nituen, eta ikusleen animoagaz eta laguntzagaz kontzertua ondo irten zen. Oholtzatik jendeak norberaren abestiak abesten dituela ikustea itzela izan zen. Gainera, Bilboko BBK Live jaialdi handian egotea, horrelako eszenatoki batean, izugarria izan zen.
Bestalde, Gatiburen azken diskoan kolaboratu zenuen. Zer suposatu zuen horrek zuretzat?
Egia esan, ilusioz hartu nuen, eta espero ez nuen kolaborazio bat izan zen. Barre asko egin nuen, eta disfrutatzeko aukera eman zidan lan talde handi bat aurkitu nuen. Gainera, honek konfiantza hartzeko balio izan dit, azken batean, kolaborazio honegaz, Gatibukoei nire lana gustatu egiten zaiela ikusi dut eta.
Asteon, Tu Escala de Grises proiektuaren berri zabaldu duzu zure sare sozialetan.
Tu Escala de Grises uda honetan kaleratuko dugun bideoklip berria da. Bertan paisaia mota bi uztartzen ditugu, basoa eta hondartza.
Zure lehen bideoklipak, berriz, ehun mila erreprodukzio baino gehiago izan ditu youtuben.
Bai, aurreko astean lagun batek eman zidan horren berri. Paradaise bideoklipak ehun mila erreprodukzio baino gehiago zituela. Askorentzat hori ez da ezer izango, baina horrek asko esan gura du niretzat. Ez nuen espero inoiz ehun mila erreprodukzioetara iristerik eta oso eskertuta nago, bai entzuleei eta baita nigaz lanean dabiltzan guzti-guztiei ere.