Izaro: "Zoragarria izaten ari da agurra"

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 6a, 10:45

Om diskoaren aurkezpen bira amaitzen dabil Izaro mallabitarra. Bilbao BBK Live musika jaialdiaren bigarren egunean, bihar, Kobetamendin arituko da Izaro musikari mallabitarra. Jaialdiko Matusalem guneko oholtzara igotzen lehenengoa izango da kantautore mallabitarra; 18:15ean hasiko du bere emanaldia.

Bihartik aurrera, eszenatoki horrexetatik jardungo dira, esaterako, Coque Malla eta Los Punsetes. The Killers, Fleet Foxes edo Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek ere joko dute, bihar, Kobetamendin, bertako musikazaleak eta herrialde askotatik etorritakoak Bilbon biltzen dituen jaialdian. Musika jaialdi horretan jotzeko “gogotsu eta urduri” daude bera eta bere taldekideak, Izarok adierazi duenez.

Ekainaren 16an Bilboko Santana 27 aretoan abiatu zuen Izarok Om diskoaren bira amaiera. Ondarroan, Donostian, Tolosan eta Iruñean jo dute. “Gozatzen gabiltza bira amaieragaz”, dio musikariak, “azken kontzertuetako sarrera guztiak agortu dira aldez aurretik, eta jendea oso gogotsu etorri da gugana; abesti guztiak kantatu dituzte, dantza, negar, barre egin dute... Zoragarria izaten ari da agurra”.

BBK Live-eko biharkoaren ostean, bestelakoa, baina era berean berezia, izango da Izarok eskainiko duen hurrengo kontzertua ere. Mallabiko jaietan, parkean joko du, abuztuaren 14an, 22:30ean. Bere herriko emanaldi horregaz emango du amaitutzat Om-en ibilbidea.

Irailean Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen Om lehenengo diskoak ekarritakoagaz oso pozik dago Izaro. “Plazerra izan da gure publiko hain aberatsa deskubritzea”, azpimarratu du, “ezin da profila zehaztu: edozein adin, edozein genero, edozein janzkerako publikoa dugu”.

Oso eskertuta dago beragaz lanean dabiltzan guztiei. “Musikan, literaturan, antzerkian eta artean, oro har, ez dugu baldintza duinetan lan egiten eta, hala ere, borrokan jarraitzen dugu profesionalizazio duinerantz, beste mila lan txiki zein handigaz batera fakturak ordaintzen”, adierazi du. “Bejondeizuela denoi!”, diotse.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!