Mallabian ur parke berria ireki dute udako egun beroak freskatzeko

Joseba Derteano 2017ko eka. 22a, 17:30

Udako egun beroak heltzean, Mallabiko umetxoak herriko iturri inguruan batu izan dira orain arte. Aldra handia txorrota bakarrerako.

Baina, aurrerantzean, gorputzak freskatzeko eta, bide batez, jolasteko gune berria izango dute plazaren ondoan: ur-zurrustak dituen parkea. “Umeak beti iturri inguruan ikusten genituen, eta parke berria irtenbide aproposa iruditu zitzaigun”, azaldu du Igor Agirre Mallabiko alkateak. Ur-zurrustak hainbat tokitatik modu desberdinetara irteten dira, erakargarriagoa eta dibertigarriagoa izan dadin. Ur parkea egiteko lanek hilabete inguru iraun dute, eta 87.000 euro inguruko inbertsioa izan dute.

Komun publikoa
Parkearen ondoan komun publiko bat ere jarri dute. Inguru hori herriko bilgunea da, eta herritarrentzat zerbitzu berria eskaini gura izan dute. Kokapena ez da kasualitatea. Azpitik hoditeria nagusiak doaz (ur-zikinena…) eta argiteriakoak ere bai. Horregatik jarri dute dagoen tokian. Lanek 37.000 euroko inbertsioa eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!