Gogoan duzu lehen eguna?
Bai, lankide bategaz etorri nintzen. Mallabia non zegoen ere ez nekien. Alkatearengatik galdetu behar nuela, hori baino ez nekien. Baserrira joan gintzaizkion bila, Ermuako medikuagaz. Aurretik, Mallabiko medikua zena, egun batetik bestera, ezer esan barik joan zen.
Haren ordez sartu zinen?
Bai, orduan zapatutik zapatura pasatzen nuen kontsulta, egunez eta gauez jarduten nuen. Igandeetan ez zegoen kontsultarik, baina han egoten nintzen. Hamaika urte egin nituen horrela. Gero, ordutegi finkoa jarri zidaten, eta larrialdiak Ermuan artatzen zituzten. 1992an, berriz, Osakidetzako Lehen Mailako Arretan sartu nintzen. Ermuan guardiak ere egiten nituen, Etengabeko Arreta Gunean (EAG).
Gogoan duzu lehen gaixoa?
Ez. Azkena gogoratzen dut (barrez). Itsu-itsuan etorri nintzela dut gogoan. Pediatra lana egin behar nuen, Gurutzeta ospitalean. Haurdun zeudenak sei hilabeteko egon artean artatzen saiatu behar nuen. Abaderik ba ote zegoen galdetu nuen, meza ematen ere ikusten nuen-eta neure burua (barrez).
Denetarik egin duzu...
Sasoi batean, bai. Gero, espezialistarengana joateko, Durangora joan behar genuen, harik eta Gipuzkoara bideratu gintuzten arte. Orain, Mendaro da gure erreferentziako ospitalea; Donostia ere bai.
Atzera begiratuta, zegaz geratzen zara?
Mallabiko jendeagaz.
Urteotan hainbat pasarte biziko zenituen...
Piloa. Baina neuretzat gordetzen ditut (barrez).
Mediku izatera, eta bizitzera ere etorri zinen.
Udaletxe alboan zegoen mediku etxean bizi nintzen, eta han egiten nuen lan—orain udaletxea da—. Beste alboan udaleko idazkariarena zegoen.
Aldaketa handiak izan dira urte hauetan?
Bai. Antolaketari dagokiona lehena. Osakidetza sortuta, dena aldatu zen. Kontsultategiak, anbulatorioak... sortu ziren. Aurretik ez ziren existitzen. Herriko mediku edo mediku titularrak ginen, Madrilen menpekoak.
Arriskuen aurrean bakarrik?
Bai, askotan. Erreferentziazko ospitalea Gurutzeta zenean, ondo baino hobeto pentsatu behar zen gaixoa hara bideratu ala ez. Zaila izaten zen, bai! Euban zegoen Gurutze Gorriko postura deitu behar nuen. Handik etortzen ziren gaixoaren bila, gero Gurutzetara eramateko. Hori ez da horren antzinakoa. 40 urtetik hona aurrerapauso handiak eman dira; arin, gainera.
Omenaldia egingo dizute. Herrian maite izan zaituzte?
Baietz uste dut! Oso atsegina da. Ermuako lankideek ere egin zidaten. Kontsultategira etorri ziren. Aurreskua egin zidaten, eta plaka bat eta txapel bat eman zizkidaten. Gero triki-poteoa eta bazkaria izan genituen.
Sasoi batean pertsona garrantzisua zen medikua?
Etorri nintzenean esaten zen medikua, abadea eta maisua zirela herriaren jabe. Ez zitzaidan horrelakorik gertatu!
Nolakoak gara gaixoak?
Denetarik dago. Askori gertatzen zaio esandako ezer ez ulertzea; denari bai esaten diote. Nagusiak dira gehienetan, eta senideren bategaz datoz asko. Beldurragaz etortzen dira. Normala da medikuarengana joatean beldurra sentitzea, litekeena da medikuok izatea beldur gehien. Dena den, gazte ikusten ninduten; azken 45 urtean ez zuten horren mediku gazterik izan; mesfidantza sortzen zuen.
Medikua abadea lakoa da?
Baliteke abadeak baino gehiago konfesatzea. Medikuarengana derrigorrez goaz, abadearengana debozioz.