Ekainean hasi gura dituzte anfiteatroa estaltzeko lanak

Joseba Derteano 2017ko api. 5a, 10:08

Mallabiko anfiteatroa estali eta birmoldatuz, aisialdirako gune bat sortzeko asmoa aurrera doa, apurka. Joan zen eguazteneko udalbatzarrean, baiezkoa eman zioten proiektuan deskribatutako obren kontratazio espedientea onartzeko proposamenari. EH Bilduk eta EAJk aho batez hartu zuten erabakia.

Proiektua gauzatzeko baldintza-orria prest dago, eta orain lanak esleitzeko prozedura hasiko dute, lehiaketa publiko bidez. Udalaren asmoa anfiteatroa birmoldatzeko lanak “ekainean” hastea dela adierazi du Igor Agirre Mallabiko alkateak. Hiru hileko egikaritze epea izango du eta dena bere bidetik badoa, negua heltzen denerako amaituta egongo da. Proiektua gauzatzeak 284.811 euroko inbertsioa (BEZa barne) eskatuko dio udalari.

Anfiteatro berriak umeentzako jolasak zein adinekoentzako guneak izango ditu. “Belaunaldi anitzetako herritarren bilgune izatea gura dugu”, dio Agirrek.

Espazio berri horren egitura erabakitzerako orduan, herritarrei galdetu zieten. Iazko ekainean bi ereduren artean hautatzeko aukera eskaini eta 75 herritarrek eman zuten botoa. Gehienek egurrezko estaldura aukeratu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!