Artistas en Ruta programan parte hartzeko aukeratu dute Izaro

Aimar Esteban 2016ko abe. 22a, 12:42

2017an Estatuan zehar kontzertuak emateko aukera izango du Izaro Andres kantautore mallabitarrak, Artistas en Ruta programari esker. “Oso pozik nago; alde batetik indar emozionala ematen dizu norbaitek zure musika kanpora ateratzea nahi izan duelako eta, bestalde, ematen diguten laguntza ekonomikoa ere garrantzitsua da”, adierazi du Izarok.  

Zuzeneko emanaldiak bultzatzen dituen programa honek 6 hilabetez Estatuko hainbat kontzertu aretotan jotzeko aukera eskaintzen du. Urtean bi aldiz berritzen dute parte hartzen duten artisten zerrenda eta Izaro urteko lehen sei hilabeteetan arituko da. Urtarrilean aurkeztuko ditu biraren datak. “Ez dakigu zer erantzun izango dugun Estatu mailan, baina, adibidez, Madrilera joateko gogoa dut, Spotify-n entzunaldi gehien izan dituen hiria hura baita”, aitortu du mallabitarrak.

Izaro Om izeneko bere lehen diskoaren aurkezpenean murgilduta dago. Bere kontzertuak erantzun ona izaten ari dira eta Durangoko Azokan Ahotsenea bete egin zuen. Urte arrakastatsua izan da artista mallabitarrarentzat. “Dena oso bizkor joan da: urte hasieran entseguak egiten hasi ginen eta orain diskoa atera eta bi mila ale saldu ditugu", azaldu du. "Kontzertuetara jende asko dator eta nire kantak abesten ditu; jende asko ezagutzeko aukera ere izan dut. Benetan urte oso polita izan da, gogoratzekoa”, dio.

2017an Artistas en Ruta programaren barruko kontzertuetan ezezik, Euskal Herrian ere kontzertuak ematen jarraituko du eta bigarren disko bat prestatzen hasiko da. “Baldintza duinetan musikari moduan lan egin ahal izaten saiatzea nahi dut”, dio musikariak.

Igelaren Banda eta Grande Days talde euskaldunak ere izan dira Artistas en Ruta programaren barruan. 2015ean Shinova Durangaldeko taldea izan zen programa honetan aukeraturiko bat.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!