ITU Banda da Lekore aldizkariaren editore taldea. Nortzuk zarete? Zelan elkartu zineten?
ITU Banda duela hiru urte sortu zuten, hasiera batean hiru kidegaz. Lau fanzine kaleratu eta hainbat irratsaiotan hartu zuten parte. Gerora, taldea handituz joan zen, zazpi izateraino; Paul Beitia, Itziar Ugarte, Alazne Arruti, Martin Bidaur, Jon Gurrutxaga, Mikele Landa eta ni. Gehienok ezagunak ginen, edo lagun berak genituen. Iazko uztailean Eako Poesia Egunetan ITUskizuna aurkeztu eta anonimotasunetik atera ginen. Ikuskizun berezia izan zen guretzat. Gerora, abenduan, Lekore aldizkariaren zero zenbakia kaleratu genuen Durangoko Azokarako, eta egun, horretan dihardugu.
Zerk bultzatu zintuzten Lekore proiektuari ekitera?
Gazteok geure testuak argitaratzeko dugun bide bakarrenetarikoa literatur sariketen bidezkoa da, eta hori oztopo bat da, azken finean. Espazio bat sortzeko beharra ikusten genuen gure testuak argitaratu ahal izateko, eta literatur aldizkari bat sortzearen ideia geneukan buruan. Iniziatiba guk geuk hartu behar genuela iruditzen zitzaigun, eta horrela sortu zen Lekore aldizkaria.
Gustura zaudete jendeak agertutako babesagaz?
Proiektuak kuriositatea piztu zuen iaz Durangoko Azokan, eta oso pozik gaude jasotako harreragaz, espero baino harpidedun gehiago ditugu. Ea bide beretik jarraitzen duen.
Azokan egongo da aldizkaria eskuratzeko modurik?
Bai, iaz azokaren lekorean egon ginen aldizkaria saltzen, eta aurten Landako Gune barruan egongo gara, Bagatoz standean, Txakur Gorria ipuin ilustratuekin, Erraiak proiektuagaz eta Errime taldearen diskoagaz batera. Ni ezingo naiz egon, baina gainerako kideak han izango dira.
Zer edukigaz osatu duzue lehenengo alea?
Lehenengo alean, poesia eta narrazioez gain, Violet Fonten biografia eta poema berreskuratuak, Danele Sarriugarteri eginiko elkarrizketa, June Jordanen inguruko erreportajea eta hainbat itzulpen aurkitu daitezke. Bigarren alea labean da, eta azokarako kaleratuko dugu.
Zer egileren lanak argitaratu dituzue lehen bi ale horietan?
Idazteko zaletasuna duten gazteek idatzi dituzte testu guztiak, batzuk ITU bandako kideek, eta gainerakoak konplizeek.
Edozeinek dauka testuak bidali eta ‘Lekore’-n argitaratzeko aukera?
Bai, www.lekore.eus webgunearen bidez bidali daitezke testuak eta konplize egin. Helbide berean, “izan lektore” atalean harpidetzeko aukera ere badago.
Errezitaldiak eta bestelako emanaldiak ere egiten dituzue: ‘Isabel Iturberen bizitza eta heriotza’ ikuskizuna sortu zenuten. Urtean ‘Lekore’ aldizkariaren hiru ale kaleratzeaz gain bestelako egitasmoak ere badauzkazue?
Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna iazko maiatzean aurkeztu genuen, Literaturia jaialdian, Zarautzen, eta emanaldia berriz errepikatuko dugu 2017ko Loraldian. Aurten aldizkariaren zenbaki bi izan dira, baina datorren urtetik aurrera urtean hiru izango dira, eta errezitaldiak egiten jarraitzea ere ez dugu baztertzen. Ea gauzak nola datozen.