Erik Castro: "Entrenamendu berriekin motibatuta gaude, eta hori partiduetan islatzen da"

Joseba Derteano 2016ko aza. 26a, 10:00

‘Taldeko jokalari’ definizioaren ezagurri denak betetzen ditu Erik Castroren (1990, Mallabia) izaerak. Jatorra eta segurua aurrez aurrekoan, berbaldun suharra eta jokalari denen dohainak azpimarratzeko prest dagoena.

Bere kemena ikusita ez dirudi astegunak lanean eta ikastaro batean ematen dituenik, goiz-goizetik gauera. Baina aretofutbolean ilusio eta motibazio berrituagaz dabilela dio. Bera eta Mallabia Seguros Altaldiko taldekide guztiak. Dani Perez entrenatzailearen metodologia berriaren ondorioa da. Jokalariak gusturago dabiltza, prestatuago daude, eta hori partiduetan islatzen da. Azken bost partiduak segidan irabazi dituzte.

Perez mallabitarrak Eibar eta Durangoko Ezkurdi klubetako nesken taldeetan jardun du entrenatzaile. Urte horietan ikusi eta ikasitakoa emaitza onagaz aplikatzen dabil Mallabiko entrenamenduetan. “Astean hirutan entrenatzen gara. Saio laburrak dira, baina lehen baino dinamikoagoak eta taktikoki zein fisikoki prestatzen gaituzte. Motibatuta eta ilusioz gaude, eta hori partiduetan islatzen da”, azaldu du Castrok. Ondorioz, taldeak konfiantza gehiago du aurten. “Azken hiru-lau urteetan puntu gehienak etxean lortzen genituen, eta kanpoan haizeak nondik jo, horrela jokatzen genuen. Aurten ez. Aurten kanpoan ere irabazi dezakegula sinetsita kantxaratzen gara”, gehitu du.

Lejardi, Aguado, atezainak…
Talde osoa ondo dabilen arren, badaude nabarmentzen dabiltzan hainbat jokalari. Mikel Lejardi da horietako bat. Berarentzat euskarri postua berria den arren, defentsaren eta eraso jokoaren arteko oreka eman dio taldeari. “Aurrea hartzen abila da, ezker ona du eta jokoa pibotagaz lotzeko gaitasuna du”, zehaztu du.

Mikel Aguadoren lana ere azpimarratu du. Futboletik etorrita, urte bi daramatza areto-futbolean. Defentsa zentrala zen eta gaur egun pibot-aurrelari dihardu, “oso maila onean”.

Ander Eguren eta Iker Bazeta atezain bien ekarpena ere funtsezkoa dela dio. “Hirugarren mailan ere —maila bat beherago dabiltza— ez dut horrelako atezain bikote onik ikusi”, dio.

26 urtegaz beteranoena
Zaldua futbol taldean 11 urte eman ostean, Castro motibazio berrien bila etorri zen Mallabiara, orain lau denboraldi. Hamaika abentura bizitakoa da, baina 26 urte baino ez ditu. Taldeko beteranoena  da beterano baten adina izan barik. Horregatik, behin baino gehiagotan azpimarratu du taldearen balio handietako bat gaztetasuna  dela. Gazteetatik igotako Aritz Eguren, Etore Alberdi eta Ander Azpiri lako jokalariak egiten doazen heinean, proiektu iraunkor baten atarian egon daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!