“Joko puntu onean nago; txispagaz eta konfiantzagaz helduko naiz partidura”

Anboto 2016ko aza. 3a, 11:59

Debuta egin duen urte berean profesionaletako lehen finala jokatu dezake Aitor Elordik (1996, Mallabia) . Bihar gauean promozio mailako lau t’erdiko pilota txapelketako finalerdia jokatuko du Dario Gomez ezkaraitarraren (Errioxa) kontra, Mallabiko pilotalekuan.

Ligaxkan partidu bi irabazita (22-12 Ugalderi eta 22-21 Taintari) eta bat galduta (15-22 Artegaren kontra) egin du finalerdietarako bidea, eta sasoian dagoela dio: “Joko puntu onean nagoela uste dut. Txispagaz eta konfiantzagaz sentitzen naiz, eta uste dut ondo helduko naizela partidura”.

Jaioterrian eta herritarren aurrean jokatuko du bere ibilbideko partidurik inportanteena. Urduritasuna izango da, beharbada, biharko partiduan kudeatzen zailena izango den alderdia. Alde onak eta ez hain onak ikusten dizkio etxean jokatzeari: “Dena ondo badoa eta partidua irabaziz gero, egun borobila izango litzateke, baina herritar denak bertan daudela partidu eskasa jokatuta galduz gero…”.

Dario aurkari gogorra dela onartu du: “Pilotari abiadura ematen dio, eta saketik min handia egiten du”. Baina Elordiren armetako bat sakea da, eta “neu ere min egiten saiatuko naiz”. Beraz, errestoak zeresan handia izan dezake partiduaren garapenean. Alderdi horretan, espero baino hobeto dabilela dio: “Txapelketa hasi aurretik, errestoan beldur apur bat nuen, aurrelaria naizelako, ez nagoelako ohituta, eta profesionaletan denek ematen diotelako abiadura pilotari. Baina, oso gustura egon naiz orain arte”. Egunean bertan egingo dute pilota aukeraketa. Saskian dagoenetik “nik motelagoak eta Dariok biziagoak” aukeratuko dituztela uste du.

Biharko jaialdia atariko bategaz hasiko da, 22:00etan: Mendizabal III-Tolosa / Elezkano II-Irusta.

10 hilabeteen balorazioa
Profesionaletan daramatzan 10 hileen balorazio positiboa egiten du Elordik. Behetik gora daraman bideagaz geratzen da: “Debutatzen den momentutik oso ondo jokatzen aritu behar duzula pentsatzen du jendeak, eta ez da horrela. Prozesu bat da. Apurka-apurka eta gogor entrenatuta ikasi beharra dago. Niri arrankatzea kostatu zitzaidan, beharbada afizionatuetan hainbeste jokatu barik bere samar debutatu nuelako. Baina, orain, debutatu nuenean baino askoz gusturago sentitzen naiz”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!