"Lan itzela izan da, baina asko lagundu didate taldekideek"

Anboto 2016ko ira. 17a, 10:00

'Om', bere lehenengo diskoa, aurkeztuko du Izarok irailaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian.

‘Koilarak’ kantua sareratu zenuen joan zen asteburuan, diskoaren aurkezpen gisa. ‘Paradise’-n arrakastaren aurrekariagaz, zelan bizi izan duzu?
Argi daukat Paradise kantagaz lortu nuena ezingo dudala lortu. Hori behin izan zen, eta horri eskerrak zabaldu zen atea. Orain leihotxoak zabaltzen badira, oso pozik egongo naiz.

Ate horren bestaldean gauza asko topatu duzu.
Ikaragarria izan da dena: jendeak crodwfunding kanpaina batean aurreratu didan laguntzagaz disko bat grabatu dut banda profesional bategaz, eta kontzertu mordoa eman dut. Sinesgaitza izan da!

Zure lehenengo disko hau grabatzeko dirua biltzeko kanpainari oso ondo erantzun zion jendeak, ezta?
Hiru astean lau mila euro baino gehiago batu genituen. Ikaragarria izan zen! Lagundu didan jende asko ezezaguna izan da, gainera, eta oso eskertuta nago. Diskoa kaleratuta, lagundu zidatenen etxeetara buzoiz buzoi joan naiz, Bizkaia osoan zehar, diskoa banatzera. Konturatu naiz Euskal Herri osoan zehar ezingo dudala hori horrela egin, baina ahal nuen neurrian, horrela eskertu gura izan diet.

2015 urte hasieran ‘Paradise’ entzungai ipini, eta jendeak harrera beroa egin eta lasterrera, atzerrira joan zinen.
Bai, aurtengo urtarrilera arte, sei hilabetez Kalifornian egon naiz, ikasten. Han ere kantatu dut tabernaren batean, bideoren bat grabatu ere bai, eta jendeak adi jarraitu du. AEBetako egonaldi horrek pilak kargatzeko balio izan dit, izan ere, aurrerantzean beharko dut energia hori guztia: abendura arte, bete-bete eginda daukagu agenda.

Lotuta duzu, beraz, diskoaren aurkezpen bira.
Azaro erdira arte, bai. Lehen kontzertua Bilboko Kafe Antzokian jo eta gero, Lloyd Cole abeslariaren biran hasierako kantari gisa jardungo naiz, irailaren 25etik urriaren 1era, Estatuko hainbat hiritan. Hortik aurrera, Euskal Herrian eta Bartzelonan arituko gara, besteak beste.

Zelakoa izango da irailaren 23ko Bilboko kontzertua?
Zerbait berezia prestatu gura izan dut diskoaren lehenengo aurkezpen kontzertu horretarako: gidoi bat sortu dut, eta entzulea istorio batean sartzera gonbidatuko dugu.

13 kantako diskoa da ‘Om’. Asko geratu dira kanpoan?
Ia bi urtean sorturiko 27 kanta neuzkan, eta, asko kostata, baina 13 aukeratu nituen. Azken kanta izan ezik, beste guztiak bandagaz instrumentatu ditut. Lan itzela izan da, baina asko lagundu didate taldekideek aurrera egiten.

Zertan oinarrituta aukeratu dituzue ‘Om’ diskoko 13rak?
Kontzertuetan jo izan ditudanak —zaharrenak direnak, jendeak ezagutzen dituenak— grabatu gura izan ditut, eta baita nik bereziki gustuko ditudan batzuk eta bandak gehien gozatzen dituenak ere.

Zeintzuk dira zure kutunenak?
Ez dakit oso ondo zergatik, baina Tu escala de grises eta Argia oso bereziak dira niretzat. Zangalatraba ere bai: Kaliforniara joan aurretik grabatu genuen, baina bertan behera utzi genuen, gero. Ez genuen kontzertuetan jotzen. Grabatzera sartu ginenean berreskuratu genuen, eta diskoko kanturik onenetarikoa iruditzen zait orain.

Pozik zagoz diskoagaz?
Bai. Oso autokritikoa naiz, eta diru nahikoa baneuka ez nuke disko bat sekula amaitutzat emango, baina nire testuingururako, oso harro nago emaitzagaz. Izan zitekeen hobea, noski, baina hau lehenengoa da. Bigarrena izango da hobea!

Ikasketak amaituta, musikan diharduzu buru-belarri?
Graduatu nintzen, eta eskerrak! Orain pixka batean honetan jardungo naiz: dirurik ez du ematen, baina orduak —eta ordu arraroak— eskatzen ditu musikak, egunean zortzi gutxienez.

Entzulegoak oso harrera beroa egin zizun, baina, hala ere, ez duzu aukerarik ikusten bizimodua musikatik ateratzeko?
Egia esan, ez. Iker Lauroba nire gitarrista ikusita, adibidez, nahiko beltz ikusten dut kontua: Lauroba taldean, bakarlari gisa, nigaz, eta beste talde bategaz ere jotzen du, baina goizeko seietan fabrikara joaten da. Musikariona erabateko prekaritate laborala da: kontzertu baten antolakuntzan, inguruan lanean diharduten guztiek kobratzen dute, musikariok izan ezik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!