Izaro da Kutxa Kultur programak hautatu dituen 6 musikarietako bat

Anboto 2016ko eka. 23a, 15:00

Bere profesionalizazio prozesurako laguntza jasoko du Izaro mallabiarrak, Kutxa Fundazioaren ekimen horretan parte hartzeko aukeratua izateari esker.

Izaro kantautore mallabiarra da musikariei zuzenduriko Kutxa Kultur egonaldien programan parte hartzeko aukeratu dituzten sei musika talde eta bakarlarietako bat. Programa horren 2016ko deialdian jaso dituzten 68 proposamenetatik, Amor De Tokyo, Ane Lux, Charlie and the colours, Luma eta Perlak taldeak aukeratu dituzte, Izarogaz batera.

Musika talde amateurrei euren profesionalizazio-prozesuan laguntzen die Kutxa Fundazioak 2013an abiatu zuen programa honek: entseguak egiteko lokalak eskaintzen dizkiete musikariei, baita grabazio estudio batean aritu eta bideoklip profesional bat grabatzeko aukera ere, edota aholkularitza profesionala eta sei kontzertutan jotzeko aukera (irailean Igeldon egingo den Kutxa Kultur festibalean, kasurako).

Zaleek crowdfunding kanpainan eskainitako finantziazioagaz diskoa grabatzen dabil Izaro, orain. Irailean aurkeztuko du bere lehenengo disko hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!