Ugaldek Bera Bidasoako Iñigo Martinez izango du bizkarzain, eta biak dira faborito txapela janzteko. Peru Labaka zizurkildarra —Amezketako taldeagaz jokatzen du— eta Joseba Sarasa uhartearra izango dituzte aurkari. Bikote sendoa osatzen dute hauek ere. Irabazteko aukerak izateko, Sarasak atzean agindu beharra dauka. Bestela esanda, ezin diote utzi Ugalderi partiduko erritmoa ezartzen. Besteak beste, federazioen arteko GRAVNI txapelketa irabazi du Ugaldek, eta sasoi betean dago. 21 urteko pilotariak beso bietan indarra hartu du orain urtebetetik hona, eta, gaur egun, tantoak amaitzen abila izateaz gainera, txispadun pilotaria da.
Lau t’erdiko finala
Binakakoaren aurretik, lau t’erdiko finala jokatuko dute Alberdi azpeitiarrak eta Anso burlatarrak. 17 urteko pilotariek ez dute zerikusirik euren jokamoldean. Anso pilotari segurua eta langilea da, segi eta segi egiten duen horietakoa. Eta borrokarako dohain horiek erabiliz ezustekoa eman zuen finalerdietan Elola bidegoiendarra kanporatuta. Elola Aranguren aginagarra —Asegarcegaz prekontratua dauka— menderatzetik zetorren. Horregatik, finalera sailkatzeko faborito argitzat ikusten zuten askok, baina Ansok aurreikuspenak hankaz gora jarri zituen aurreko astean. Kaiolako bigarren protagonista, Alberdi, artista da. Gantxoak eta aireko jokoa maisutasunez menderatzen ditu. Ez da jotzailea, baina bere dohainak aproposak dira lau t’erdirako. Gaur egun, gazte mailako pilotarien artean mailarik handienean dabilen aurrelaria da adituen ustez.