Adolfo Jainaga: "Duela 40 urte gizonena zen soinu txikiaren mundua andrena da orain"

Anboto 2016ko eka. 4a, 11:00

Soinu txikia jotzen irakasten du Mallabian Adolfo Jainagak. 25 urte dira hasi zela, eta omenaldia egingo diote. Afizioa ofizio bihurtu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide honek, eta plazaz plaza darrai Narbaizarekin. “Oraindik ikusten dira batzuk inon, dantzan gelditu gabe; gozagarria da”.

Soinu txikia irakasten egin duzun lanagatik omenaldia egingo dizute Mallabiko azokan, bihar. Nola hartu duzu albistea?
Harrituta! Nire lana egin dut, eta pribilegiatua sentitzen naiz omenaldia egingo didatelako. Bi bider ordainduta sentitzen naiz. Sekulako pagotxa!

25 urte soinu txikia jotzen erakusten. Ez da gutxi!
Ez. Konturatu gabe doa denbora. Gustura noa herri txikietara eskolak ematera. Gainerako herrietara ere bai, jakina, baina herri txikietan beste hartueman bat dago. Nagusiagoak eta gazteagoak nahastuta ikusten dituzu, eta beste elkartasun eta lotura bat dute euren artean. Baserri munduko jendea ere bada; beste tratu eta gozotasun bat, eta beste afizio bat dute. Eibarren, Markinan, Elgetan, Eskoriatzan, Legution eta Mallabian ematen ditut eskolak.

Bestelako afizioa dute?
Bai. Afizioa asko zabaldu den arren. 19 urtegaz Azpeitira joaten nintzen ni, motorrean, Sakabigaz ikastera. Orduan ez zegoen eskolarik. Ahoz aho eta era familiarrean erakusten zen. Ez ziren trititixa maisuak, beste lanbide bat zuten (arotzak, tornulariak...) eta trikitixa osagarri bat zen. Afizioaz jotzen zuten soinua, eta diru gehigarri bat irabazten zuten batzuek.

Aldatu egin da hori...
Maisu haiekin ikasitakook sortu genituen, era masiboan, lehenengo eskolak. Bizkaian, adibidez, Iñaki Zabaletak eta Kepa Junkerak; Gipuzkoan, Joseba Tapiak eta Martin Aginagaldek. Gure belaunaldia izan zen eskolak era profesional eta masiboan zabaltzen hasi zena, ikasteko metodoak ere sortuz. Durangon zabaldu zen lehena, 1985ean; 2.a Markinan, 86an. Ordura arte, aurrez aurre jartzen ziren maisua eta ikaslea, gehienetan solfeoa jakin gabe. Maisuak jo, eta ikaslea haren mugimenduak kopiatzen saiatzen zen.

Irakasteko modu horri jarraitzen diozu zeuk ere?
Aurrez aurre bai, baina solfeoa ere erabilita. 1996an sortu genuen metodo misto hori, Eibarren. Soinu txikira pasa aurretik, akordeoia jo nuen pare bat urtean, eta banuen formazio musikal bat. Metodoa eskola guztietara zabaltzea erabaki genuen.

Zenbat ume dituzu Mallabin?
15 ikasle. Gutxi gorabehera hala izan da beti —lehenengo urtean 19 ziren­—.  Justu 100 ikasle izatera heldu gara 25 urte bete diren honetan; 60 neskak. Proportzio hori handiagoa da beste herrietan: %80koa da. Bitxia da bilakaera: duela 40 urte gizonena zen soinu txikiaren mundua andrena da orain. Gizartean ere errealitate bat da hori: kulturaren mundua emakumeena da, eta pozten naiz.

Soinu txikiaren moda ez da inoiz pasatu?
Izan ditu beherakadak: euskal kulturako edozer zegoen zapalduta gerra garaian, eta diskotekak, dantzalekuak, DJak... etorri ziren gero. 90eko hamarkadan eman zen benetako loraldia. Asko zabaldu genuen soinu txikia, eta maisu asko talde handietan jotzen hasi ziren. Trikipopa eta trikirocka sortu ziren, eta soinu txikiak sekulako arrakasta lortu zuen gazteen artean. Instrumentu mugatua da musika aldetik, baina, bere sasoira egokitzen jakin izan du.

Erromerian, kalejiran, erabilera anitzeko instrumentua da?
Bai. Koadrilan abestu egiten genuelako hasi nintzen ni soinu handia jotzen. Afaritan-eta jotzen nuen, baina, behin Gorbeiara igotzea otu zitzaigun, eta 11 kilo pisatzen du. Eraman nuen. Baina, txikiagoa zen zerbait topatu behar nuela ikusi nuen, eta soinu txikia heldu zitzaidan eskutara. Pisu erdia du.

Sekreturik badu soinu txikiak?
Ez. Jardun egin behar da. Umorea ere behar da, hori gabe ez dago instrumenturik jotzerik

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!