Eñaut Gallastegi: “Afizioa ofizio daukat, eta zorionekoa naizela uste dut”

Anboto 2016ko api. 5a, 09:00

Argi zuen artzain izan nahi zuela, eta artaldeagaz hasi zen Eñaut Gallastegi, orain sei urte. Amagaz batera, gazta egiten ere hasi zen, duela hiru urte. Abeltzaintzatik bizitzea ez dela erraza aitortu du.

Bikote ona osatzen duzue amak eta zuk, ezta?
Hala da, bai! Honetan ere sartu dudala esaten dit. Orain dela sei bat urte hasi nintzen neure kabuz ardiekin. Ama langabe geratu zenean, inbertsioak egiten hasi ginen. Orain hiru bat urte, gazta egiten hasi ginen.

Ikasketak utzi eta ardiak hartzea ez zuten ulertuko askok...
Ez. Familian bertan ere izan nituen tirabirak, baina, bueno...

Eta, zer diote orain?
Banoala aurrera. Argi neukan nahi nuena. Txikitatik izan dudan afizioa da. Etxean ardirik ez, baina, okelarako behiak izan ditugu. Badaude oraindik.

Zer dela-eta artzain?
Gustuko dut, besterik gabe. Ez dakit zergatia esaten. Gustatzen zaizkit ardiak, eta harexekin hastea pentsatu nuen.

130 ardi dituzu. Erraza da halako artaldea gobernatzea?
Korta eta instalazio berria jarri ditugu, eta erraz gobernatzen dira. Bestela, pertsona batentzat bakarrik lan handia da. Ardientzako azpiegitura aproposak izan ezean, nekosoa da, gaitza. Ordu asko behar dituzu horretarako.

Artzai Gazta elkarteko kide zara. Produkzio kate osoa kontrolatzen da bertan, ezta?
Bai; guk geure ustiapeneko esneagaz egiten ditugu gazta guztiak. Hala ere, Artzai Gazta elkartean ez banengo ere, filosofia horri jarraituko nioke: norberaren ardiek emandako esneagaz egitea gazta. Neure burua ez dut gaztagiletzat, artzaintzat baino. Gaztagileak kanpotik erosten du esnea; guk etxeko ardiek emandako esnea erabiltzen dugu. Abeltzaintzatik bizi ahal izatea da kontua, ez gaztatik. Baina, horretarako, gazta egin behar da.

Artzai Gazta elkarteak horretan laguntzen dizu?
Teknikariak daude behar duzun laguntza emateko. Gazta ona egin ezean, besteen mailan egon ezean, ez dago zereginik.

Idiazabal izendapeneko gazta egiten duzu. Dedikazio eta mimo berezia eskatzen du?
Idiazabal marka bat da, izena ematen dizu. Saltzen eta aurrera egiten laguntzen du. Hala ere, guk egindako gazta berdina da, Idiazabal ipini edo ez.  Bertako produktua eta kalitatezkoa dela ere bermatzen du.

Zein da zure egunerokoa?
Ardiak 08:00etan jezten ditut. Gero, bazkaldu aurretik, jaten emon, gazta egin, behiak gobernatu... Siesta apur bat egin, eta berriro hasten naiz, 18:00etatik 22:00etara.

Luzea eguna...
Bai, baina, nire martxan.

Ez da beste edozein gazteren moduko bizimodua.
Ez. Lagunartean ikusten dut martxa desberdina daramagula.

Parrandan edo lagunekin egoteko denborik bai?
Udan. Sanferminetan hasi eta... badago zeregina etxean, baina, lotura ez da neguan bestekoa: azaroan hasten dira erditzeak, eta uztailera arte lan handia izaten da. Hala ere, afizioa ofizioa dut, eta zorionekoa naizela uste dut.

Ez da erraza izango, ezta?
Ez da erraza honetaz bizitzea. Laguntza gutxi daude. Orain dakidanagaz, agian bestela jokatuko nuen. Gauzak ondo joanda ez dago arazorik, baina, urte batzuk txarrak izan ditugu. Ez naiz damu, baina ez da erraza, ordu asko eskatzen du eta.

Otsaileko euriek kalteak eragin dizkizue, ezta?
Lur-jausi batek instalazioen azpialdea hondatu zigun. Lanak amaitu gabe zeuden, baina enpresa eraikitzaileak bere gain hartuko duela dio. Disgustua hartu genuen. Aurtengoa joan da, eta orain, datorren urteari begira gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!