Promesarik onenak batu dituzte aurten ere Biharko Izarrak txapelketan

Anboto 2016ko ots. 23a, 14:31

Atzo aurkeztu zuten aurtengo aldia Trabakua Behekoa jatetxean. (Argazkia: Paulino Oribe)

Mallabiko pilotalekua afizionatuetako partidurik onenen testigu izango da eguen honetatik ekainera arte.

Mallabiko Biharko Izarrak pilota txapelketak eguenean hasiko du aurtengo bidea eta ekaineko bigarren barikuko finalera arte, astero-astero, afizionatu mailako pilotaririk onenen arteko lehiak ikusteko aukera eskainiko du Mallabiko pilotalekuan.

Binaka eta lau t’erdian jokatuko dute: 24 pilotari binaka eta 8 kaiolan. Txapelketaren sisteman ez dago aldaketarik eta urteroko antolaketa bitxi bezain erakargarriari eutsi diote: multzo bitan banatutako pilotariek —seina aurrelari eta atzelari bakoitzean—, ez dute bikote finkorik izango. Asterik astera txandatu egingo dira, multzo bakoitzeko aurrelari bakoitzak atzelari denekin jokatu arte. Partidurik gehien irabazi duten aurrelari eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietarako.

Aurten ere txapelketan parte hartzeko eskari mordoa jaso dute eta horien artean aukeratu behar izan dute Mallabia pilota elkarteko kideek. Ohi moduan, gazteen aldeko apustua egin dute eta pilotaririk gehienak 22 urtez azpikoak dira.

Unai Laso eta Joseba Sarasa nafarrak eta Iraitz Zubizarreta gipuzkoarra dira txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk. Hirurak ere nabarmentzen ari dira. Zubizarretak, esaterako, Zaldibarko Olazar pilota txapelketan lau t’erdiko txapela jantzi zuen iazko gabon zaharretan. Durangaldeak ordezkari bakarra izango du: Iurretako pilota taldeagaz diharduen Gorka Otaduy berriztarra.

Txapelketako jardunaldirik gehienak ostegun iluntzeetan jokatuko dituzte eta baita asteburu banaka batzuetan ere.

Eguenean, 21:15ean, jokatuko dute lehen jardunaldia eta datorren astean zehar bi jokatuko dituzte. Etzi Peña-Urizar eta E. Labaka-Sarasaren artekoa da lehen partidua eta P. Labaka-Olaizola eta Larrañaga-Mariezkurrenaren artekoa bigarrena. Martxoaren 5eko zapatuan, 17:00etan, Otaduyren txanda izango da. Zubizarreta eta biek Etxebarria eta Alduntzin izango dituzte kontrario. Ondoren, Errandonea-
Erasun eta Ugalde-Mateo neurtuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!