Aitor Elordi: "Pilotari ausarta naizela uste dut, aukera dudanetan tantoan amaitzen saiatzen naiz"

Anboto 2016ko urt. 16a, 10:00

Urtarrilean debutatu zuenetik partidu bi jokatu ditu Aitor Elordik (Mallabia, 1996). Lehenengoa 13-22 galdu zuen Irustagaz, Xala eta Tolosaren aurka. Bigarrenean lortu zuen profesionaletako lehen garaipena. Domeka honetan, Markinan jokatuko du.

Urtarrilak 3, Astelenako aldageletako atean, kantxara begira, debutatzeko prest. Zenbat bider amestu izan duzu une horrekin?
Askotan. Hor afizionatuetan gabiltzan denon ametsa horixe izaten da. Niri orain eman didate aukera, eta oso pozik nago. Orain arte moduan entrenatzen jarraituko dut, aukerak ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatuko naiz.

Urduri izan zinen?
Iazko udan, Mallabian izan nuen proban, herritarren aurrean, nahiko trankil egon  nintzen, eta debuteko partiduan ere ez nintzen halako nerbioso egon. Hasieran, banuen tentsio puntu hori, baina nahiko lasai egon nintzen.

Animorik ez zitzaizun falta izan
Mallabitar asko joan ziren. Herriko batzuek egundoko ahalegina egin zuten ahalik jende gehien joan zedin. Astelena bete egin zen, eta animorik ez zitzaidan falta izan. Alde horretatik, oso pozik nago.

Debuteko partidua galdu, baina joan zen asteburuan irabazi egin zenuen.
Tolosak eta biok 22-20 irabazi genuen Retegi II eta Urruzolaren kontra, Bilbon. Profesionaletako lehen garaipena! Partidu nahiko ona egin nuen, tanto dezente amaitu nituen eta gustura nago. Domekan, Markinan jokatuko dut: Irustak eta biok Mendizabal eta Aretxabaletaren aurka.

Nondik datorkizu pilotarako afizioa?
Berriatuatik hiru urtegaz etorri nintzen Mallabira bizitzera. Eskola amaitzean, aititak merienda ekartzen zidan, eta horregaz batera pilota bat be bai. Aititaren aldetik denak pilotazaleak dira, bera ere pilotaria izana zen. Nik uste berarengandik hartu nuela afizioa. Umetan, lau-bost urtegaz, beragaz jokatzen nuen, eskolako pilotalekuan. Gero, herriko pilota eskolan hasi nintzen. Askok futbola aukeratzen zuten, eta ez zebilen gazte askorik. Horregatik, ostean, Iurretako pilota eskolan hasi nintzen.

Zuk ere futbola eta pilota, biak bateratzen zenituen gazteagoa zinenean.
Bai, koadrilako denak futbolean eta pilotan ibili izan dira. Heldu zen une bat, ikasketak, pilota eta futbola bateratu ezin nituena. Lagun batzuek nahiago izan zuten futbola aukeratu; nik argi nuekan pilotan jarraitu nahi nuela, barruak eskatzen zidan.

Afizionatuetan txapelketa asko irabazi dituzu azken urteetan. Sarritan, hiru txapelketetan batera ibili izan zara.
Afizionatuetan, ondo edo goialdean bazabiltza, toki askotatik deitzen dizute. Ezetz esaten ez badakizu, denei baiezkoa ematen badiezu, horrek bere buelta dakar, eta, azkenean, sufritzen duena norbera izaten da: txispa galdu, eskuak mindu…

Gorka Otadui berriztarra makina bat bider izan duzu bikotekide.
Iurretara joan nintzenetik, urte askotan osatu dut beragaz bikotea, eta garaipen dezente lortu ditugu elkarrekin: Euskal Herriko txapelketa, Bizkaikoa eta beste hainbat. Oso gustura ibili naiz beragaz. Batera entrenatu dugu, batera ikasi dugu Durangon… ordu asko batera.

Gazte mailetan gehiago kostatu zitzaizun nabarmentzea?
Bai. Umetan atzean jokatzen nuen. Benjaminetan nahiko ondo ibili nintzen, baina haur-kategorian txiki geratu nintzen. Ez nuen indarrik, eta ez aurrera ez atzera geratu nintzen. Egia da beti etorri naizela nire adinekoekin alderatuta apur bat atzetik moduan. Geroago garatu dut gorputza. Iurretan, aurrean jokatzen hasi nintzen  kadeteetan eta, gainera, denbora gutxian asko hazi nintzen. Bi gauzak batera gertatu ziren.

Josetxo Areitio izan duzu entrenatzaile. Zure pilotari garapenean, zer garrantzia izan du?
Hara joan nintzenetik gauza asko erakutsi dizkit. Ni orain naizena izatera berari esker heldu naiz. Sei-zazpi urte eman ditut beragaz.

Asegarceko pilotari bizkaitarrak Iurretan batzen dira gaur egun. Zein da sekretua? Motibatzaile ona da?
Ez dakit zelan azaldu. Bera da sekretua, barruan darama. Entrenatzeko sistema ona du, eta entrenatzen zabiltzala animatu egiten zaitu. Zer egiten duzun ondo, zer txarto, dena zaintzen du.

Zu Aspen zabiltza eta Areitio Asegarceko prestatzailea da, baina beragaz jarraituko duzu.
Bai. Aspeko Jokin Etxanizekin komentatu nuen, eta ez zegoela arazorik esan zidan. Beraz, alderdi fisikoa Iurretan landuko dut, eta teknikoa Eibarko Astelenan, Etxanizekin.

Pilotari moduan zelakoa zara, eta non hobetu behar duzu?
Pilotari ausarta naizela uste dut, aukera dudanetan, zirrikitu bat ikusten dudanean, tantoa amaitzen saiatzen naiz. Nire ustez horrek erakartzen ditu zaleak; aurreko tiki-takak. Horretan ahalegintzen naiz. Hobetu beharreko alderdia defentsa da.

Zein da zure erreferentea pilotan?
Txiki-txikitatik Aimar Olaizola gustatu zait. Nire idoloa izan da. Etxean bere argazkiekin egindako albumak ditut. Joan zen asteburuan, Bilboko partiduaren ostean jokatzen zuen, eta orduan ezagutu nuen. Ez nion esan nire idoloa zenik. Aurrerago ere egongo da hori esateko denbora (barreak).

Inoiz bere kontra jokatzeko aukerarik bazenu…
Bigarren amets bat betetzea izango litzateke. Baina, aurretik, nire bidea egin behar dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!